Bigarren urtez, gaueko zinema ekitaldiak iragarri ditu Bilboko Udalaren Kultura Sailak. Udan zinema zure auzoan izenpean, zortzi emanaldik osatuko dute egitaraua, uztailaren 18tik abuztuaren 9ra, eta hiriko barruti guztietan egingo dituzte saioak.
Programazio orotarikoa prestatu dute, eta azken aldiko lanak zein film klasikoak, euskal filmak, zinema europar garaikidea, proposamen komertzialagoak edota emakumezko sinaduradun lanak izango dira ikusgai. Iazko ereduari jarraiki, Euskal Herrian ekoitzitako film labur batekin hasiko dituzte emanaldiak, eta ondoren film luzea proiektatuko dute.
Aurtengoan, gainera, ibilbide garrantzitsua duten hiru zinegile bilbotarrei eskainitako monografikoak programatuko dituzte. Bada, asteazken honetan bertan hasiko dituzte emanaldiak, eta Koldo Serra izango da lehenengo protagonista: zuzendariaren Gernika (2016) eta El tren de la bruja (2003) laburra izango dira ikusgai, 21:30ean, Indautxu Plazan.
Pedro Riveroren txanda izango da ostegunean: gidoigilearen Birdboy (2010) eta Psikonautak (2015) proiektatuko dituzte 21:30ean, Erriberako Merkatuaren Plazan. Pablo Berger izango da zikloaren aitorpena jasoko duen hirugarren zinegilea. Abuztuaren 9an egingo dute hari eskainitako saioa, Santutxu auzoko Karmelo Plazan, eta Mama (1998) eta Abracadabra (2017) izano dira ikusgai.
Euskal zinemagileez harago, hurrengo saioek osatuko dute egitaraua:
Uztailak 18. Koldo Serraren gaua. Indautxu Plaza, 21:30ean.
– EL TREN DE LA BRUJA (Koldo Serra, 2003)
– GERNIKA (Koldo Serra, 2016)
Uztailak 19. Pedro Riveroren gaua. Erriberako Merkatuaren Plaza, 21:30ean
– BIRDBOY (Pedro Rivero eta Alberto Vazquez, 2011)
– PSICONAUTAS (Pedro Rivero eta Alberto Vazquez, 2015)
Uztailak 25. Ugarte Plaza(Otxarkoaga), 21:30ean.
– ZACARIAS (Violeta Trincado, 2017)
– THE INCREDIBLE SHRINKING MAN (Jack Arnold,1957). *Azpitituluak euskaraz
Uztailak 26. Ibarrekolanda Plaza (kontserbatorioaren ondoan), 21:30ean.
– ZIREN ( Aitzol Saratxaga, 2017)
– VICTORIA (Justine Triet, 2016)
Abuztuak 1. Sabino Arana etorbidea, Inmakuladako elizaren ondoan (Basurto), 21:30ean.
– GURE HORMEK ( Maider Fernandez Iriarte eta Maria Elorza Deias, 2017)
– ESTIU 1993 (Carla Simon, 2017)
Abuztuak 2. Errekaldeko Plaza, 21:30ean.
– JUNE (Arantza Ibarra Basañez, 2018)
– LA LA LAND (Damien Chazelle, 2017)
Abuztuak 8. Funikularreko Plaza (Castaños), 21:30ean.
– AREKA (Atxur Animazio Taldea, 2017)
– IGELAK (Patxo Telleria, 2017)
Abuztuak 9. Pablo Bergerren gaua. Karmelo Plaza (Santutxu), 21:30ean.
– MAMA (Pablo Berger, 1988)
– ABRACADABRA (Pablo Berger, 2017)