Donostia Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Donostialdeko Kutxabanken arduradun den Gerardo Cangasek iragarri zituzten atzo Kutxabank-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko diren europar, asiar eta latinoamerikar zinegileen filmen izenak. Tartean izango da Koldo Almandoz zuzendaria.
Txintxua ekoiztetxeak babestutako ‘Oreina’ filma aurkeztuko du Almandozek, bere lehen fikziozko film luzea. Iazko urte amaieran errodatu zuten, euskaraz, Gipuzkoako zenbait herrietan, eta toki periferiko horietako biztanleak izango dira pelikularen ardatza. Hala, hiri-bizitza, industria giroa eta natura gurutzatuko ditu donostiarraren lehen fikziozko filmak: urteetan elkarri hitzik egin ez dioten bi anaia; paduran zehar, noraezean dabilen mutil gazte bat; bere lana modu zuzen eta arduratsuan egiten tematua dagoen basozaina; edota eremu berrietara hegan egiteko desira duen neska gaztea.
Patxi Bisquert (Tasio, 100 metro) eta Ramon Agirre (Handia, Julieta, Aupa Etxebeste!) aktoreek antzeztuko dituzte bi anaiak, baina Iraia Eliasek (Amama ), Erika Olaizolak (Los tontos y los estúpidos) eta Laudad Ahmed Saleh gazteak ere parte hartuko dute filmean. Guztira, zinemagintzaren alorreko 60 profesionalek osatu dute lantaldea. Horien artean, aurretik Almandozekin kolaboratu duten Javier Agirre (Handia, Amama, Loreak) argazki-zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu-arduraduna eta filmaren produkzio exekutiboaren arduradun Marian Fernandez Pascal.
Beren lehen edo bigarren filma aurkeztuko duten beste dozena bat inguru zinegilerekin lehiatuko da donostiarra, sortzaile berriak ezagutzera ematea helburu duen Zuzendari Berriak sail garrantzitsuan. Orotara, bederatzi opera prima eta lau bigarren film izango dira atala osatuko dutenak, eta 50.000 euroko ordain saria izango da jokoan, pelikula irabazlearen zuzendari eta banatzailearen artean banatu beharrekoak. Sail honetako lanek, gainera, Gazteriaren Saria lortzeko aukera ere izango dute.
Hauek dira, bada, atzoko agerraldian aurkeztu zituzten film parte hartzaileak. Ez dira denak, ordea, eta datorren astean iragarriko dituzte saila osatuko duten gainerakoak:
- APUNTES PARA UNA PELICULA DE ATRACOS. Leon Siminiani. Espainia.
Elías zinema-zuzendariaren ametsa lapurreta-film bat egitea zen. 2013ko udan albiste bat irakurriko du ‘Vallecaseko Robin Hood’-en, ‘estolderiako banda’-ren buruzagiaren, atxiloketari buruz. Orduan, bere ametsa gauzatzeko aukera aurkitu duela sentituko du. Eskutitz bat bidaliko du Robin Hood zigorra betetzen ari den espetxera. Aurreikuspen guztien aurka, handik hiru astera erantzuna jasoko du Eliasek: Robin Hoodek onartu egin dio bisita eskakizuna.
- BOKU WA IESU-SAMA GA KIRAI / JESUS. Hiroshi Okuyama. Japonia.
Yura mutil gaztearen familiak Tokio utziko du landazabal elurtsuan amonarekin bizitzera joateko. Eskola berrian moldatzen ikasi beharko du haurrak, eta kristau-ikastetxea da gainera. Hasieran, harritu egingo da bera eta bere ikaskideak otoitz egitera deitzen dituztenean, baina pixkanaka-pixkanaka ingurune berrira egokituko da. Egun batean, otoi egiten ari dela, aurrean Jesus txikitxo bat agertzen zaiola ikusiko du. Yurak Jesusi eskatzen dion nahi bakoitza egia bihurtuko da, eta Jainkoaren boterean sinesten hasiko da.
- DER LÄUFER / MIDNIGHT RUNNER. Hannes Baumgartner. Suitza.
Jonas Widmer Suitzako korrikalari onenetako bat da, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzean du jarrita helburua. Kirolaz gain, sukaldari arrakastatsua da, eta bere neska-lagun Simonerekin bizitzera joateko asmotan da. Bizitza perfektu horren aurreikuspenak, ordea, hankaz gora jarriko dira haren anaia zenaren oroitzapen gero eta ugariagoen eraginez. Ezkutuko bizitza tragikoari ekingo dio, gauez emakume gazteei lapurreta eginez. Benetako historia batean oinarritua.
- JULIA Y EL ZORRO. Ines Maria Barrionuevo. Argentina
Julia aktore ohia eta haren alaba, Emma, Cordobako (Argentina) herri bateko etxetzar batera joan dira bizitzera. Negua da eta Juliak etxea txukundu behar du saldu ahal izateko. Denbora igaro da haren senarra, Emmaren aita, hil zenetik, baina oraindik dolua bizi dute. Egunak ilun igarotzen dira. Tristurak Julia isildu du eta alabarekin hotz dago. Egun batean, bere betiko lagun Gasparrekin topo egingo du Juliak. Gasparrek antzerki-lehiaketa batean parte hartzeko konbentzitu nahi du Julia. Juliak, Emmak eta Gasparrek beren bizitzak berreraikitzeko modua aurkituko dute, zalantzaz beteriko familia mota berri baten proiektu berria hasiz.
- LA CAMARISTA. Lila Aviles. Mexiko-AEB.
Eve gela-zerbitzari gazteak Mexiko Hiriko luxu handiko hotel batean lan egiten du. Beirazko dorre esklusibo horretan dirudunek hartzen dute ostatu: hain dira aberatsak, Evek atzean uzten dituzten ondasunekin eraikitzen dituen fantasia intimoen bidez irudikatu dezakeela soilik haien bizitza. Txanda luze eta nekezak tarteko, Evek ezin du bere haurra zaindu; aldiz, hoteleko ostatu-hartzaileei euren seme-alabekin lagundu behar die. Ziur da bere egoerak hobera egingo duela mailaz igo eta exekutiboen suiteetan lan egitera bidaltzen badute, eta horregatik onartzen ditu lan-ordu nekagarriak. Helburu hori lortu nahian, izena emango du hotelaren helduentzako hezkuntza-programan…
- NEON HEART. Laurits Flensted-Jensen. Danimarka.
Bizitzaren eta elkarren atzetik dabiltzan hiru pertsonaren istorioa kontatzen du: Laura film pornografiko baten castinga egiteko bidean da; Niklas Down sindromea duten bi gizon zaintzen saiatzen ari da; eta Frederik hooligan moduan errespetua lortu nahian dabil. Iraganeko eta oraingo ikustaldi eta momentuetan, tabuz eta desioz betetako bidaian zehar hiru pertsonaien jarraipena egingo dugu. Nagusiki aktore ez profesionalekin egindakoa eta ingurune errealetan kokatua, Neon Heart filmak aurrez aurre jarriko ditu ikuslea eta honek askotan ikusi nahi ez duen ‘zera hori’.
- NËNTOR I FTOHTË / COLD NOVEMBER (AZAROAREN HOTZA). Ismet Sijarina. Kosovo – Albania – Mazedoniako Errepublika.
90eko hamarkadaren hasieran, Jugoslaviako gobernuak bertan behera utzi zuen Kosovoren autonomia, haren Parlamentua desegin, eta nazioko telebista itxi zuen. Agintari berriek erakundeko bizitza osoa berrantolatu zuten; eta, bitartean, herritar gehienek manifestazio baketsuak eginez erantzun zuten. Zorigaiztoko garai hartan, Fadili artxibozainak bi aukeraren artean hautatu behar du, ongi jakinik biak ala biak direla bidegabeak. Horiek horrela, nahi gabe eta gogoz kontra, lotsa ‘irentsi’ eta alde guztietatik datorkion presioa eta ospe txarra jasango ditu, arrazoi bakar bategatik: bere familiaren ongizatea.
- OREINA. Koldo Almandoz. Euskal Herria.
Khalil gazte arroztua hiriaren periferian bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Hala modura lortzen du aurrera egitea, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egiten ez duenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.
- PARA LA GUERRA. Francisco Marise. Kuba – Argentina – Espainia.
Para la guerra filmak soldadu kubatar-internazionalista baten oroitzapenak eta bakardadea aztertzen ditu, haren gorputza eta (ez)ohiko keinuak behatuz. Odolik eta tirorik gabeko gerra-filma da, zauri baten ingurukoa: hain zuzen, Andrés, ‘Mandarria’, ‘El Rayado’, indar berezietako beteranoarena, duela 30 urte egindako azken misiotik bizirik atera ziren komandoko kideen bila ari den gizonarena.
- SERDTSE MIRA / CORE OF THE WORLD. Nataliia Meshchaninova. Errusia.
Egor albaitari dabil ehiza-txakurrak entrenatzeko ere erabiltzen den landetxe batean. Heldua izan arren, guztiek –baita bere amak ere– mindutako eta abandonatutako haur bat da oraindik bere baitan. Animaliak zaintzea eta landetxearen jabe den familia batuaren kide sentitzea, ez du besterik nahi. Animalien eskubideen aldeko aktibista batzuek mikrokosmos hauskor hori inbadituko dute, oreka labain hori galaraziz, eta Egorren mundua lur jotzen hasiko da… Edo hala dirudi.
- THE THIRD WIFE. Ash Mayfair. Vietnam
XIX. mendeko Vietnam landatarrean, Hung lur-jabe aberatsaren hirugarren emazte bihurtuko da 14 urteko May gaztea. Laster jabetuko da era bakarra duela mailaz igotzeko: hain zuzen, seme bat erditzeko gai den emakume gisa berretsi behar du bere burua. Mayk bere maila hobetzeko dituen itxaropenak aukera erreal eta tentagarri bihurtuko dira haurdun geratzen denean. Amodio debekatuari eta haren ondorio suntsigarriei aurre egin beharrean, egia basatiaz konturatuko da May azkenean: aukera urriak eta mugatuak ditu eskura.
- UN OM LA LA LOCUL LUI / A DECENT MAN. Hadrian Marcu. Errumania.
Petru petrolio-industriako langileen komunitate batean bizi den zulatze-ingeniari bat da. Dilema handi samarra du: Alde batetik, bere neska-lagun Laurarekin ezkontzear dago, eta haurdun da hura; bestaldetik, laneko istripu larria izan duen lankide baten emaztearekin, Soniarekin, nahastuta dago. Petruren bizia hastear dagoela dirudi; aldiz, Soniak berea amaitzen ari dela sentitzen du. Laurak Petru eta Soniaren arteko harremanaren berri jasotzen duenean, guztia korapilatuko da. Petru errudun sentitzen da, baina baita datorren haurtxoaren erantzule ere.
Glocal in Progressen lehenengo edizioan parte hartu zuen filmak bere hastapenetan.
- VIAJE AL CUARTO DE UNA MADRE. Celia Rico Clavellino. Espainia-Frantzia.
Leonorrek etxetik joan nahi du, baina ez da ausartzen amari esaten. Estrellak ez du hura etxetik joaterik nahi, baina ez da gai hura alboan mantentzeko. Bai amak bai alabak aurre egin beharko diote konpartitzen duten mundua kolokan jarriko duen bizitza-aro berriari.