2019ko martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo dute Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren XIII.edizioa. Bada, ia urtebeteko epearekin zabaldu dute jaialdiaren sail ofizialean filmak aurkezteko epea. Irailaren 30ean amaituko da.

Antolakuntzak berak zabaldutako oinarrien arabera, edozein jatorritako film dokumentalek parte ahalko dute mostran, baldin eta 2016ko abuztuaren 1a baino beranduago egindakoak diren. Ez da fikziozko zein publizitate kutsurik duen proiekturik onartuko, eta askatasun osoa egongo da gaia, iraupena eta hizkuntzari dagokionean.

Hautesleek ikuspegi berriak, arriskutsuak, protagonistarekin konpromiso etikoak hartzen dituztenak, eta bereziki, errealitatea ezagutzera ematen duten dokumentalak baloratuko dituzte bereziki.  Emaitzak  2018ko abenduaren 22a baino lehen jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei.

Sariei dagokionez ere, aukera erakargarria izango da: 10.000 €-ko diru-laguntza jasoko du film onenak; 5.000 €-ko ordaina  zuzendaritza lan onenak; 3.000 €-ko poltsa film labur onenak; eta, hurrenez hurren,  1.650 € eta 1.500 € ikus-entzuleen zein gazte epaimahaiek izendatutakoek. Inskripzioa doakoa da, eta jaialdiaren webgunean dagoen formularioaren bidez egin daiteke.