Zinegile japoniarraren ibilbidea aintzatetsiko du Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak Victoria Eugenia antzokian egingo duen ekitaldian. Kore-eda izango da sari hori jasoko duen lehenengo asiarra.

Hirokazu Kore-eda zinegile japoniarra da

Hirokazu Kore-eda (Tokio, 1962) lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bi aldiz jaso du Publikoaren Saria. Zinemaren munduari egindako ekarpena aitortuko dio orain Donostia Zinemaldiak, eta  Manbiki kazoku/ Shoplifters filma proiektatuko dute Viktoria Eugenia antzokiko sari banaketa ekitaldian; Urrezko Palmorria irabazi berri duena 2018ko Canneseko zinema-jaialdian.

Hamargarren aldiz hartuko du parte Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean, Nochi-no-hi / The Days After (2011), eta Perlak sailean, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.

Era berean, Donostia Zinemaldiko antolatzaileek parte hartuko duten lehen filmak iragarri dituzte; tartean, Raul de La Fuente iruindarraren eta Damian Nenowek poloniarraren Un día más con vida/ Another Day of Live, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko dena.

Perlak sailean,  beste zinema jaialdi batzuetan parte hartu duten filmak ekartzen dira Donostiara. Aurtengoan Cannesko sail ofizialean parte hartu zuten bost lan eta Un Certain Regard saileko beste bat hautatu dituzte: Another Day of Life (Raul de la Fuente, Damien Nenow), 3 Rock / Three Faces (Jafar Panahi), Zimna Wojna / Cold War (Pawel Pawlikowski), El angel (Luis Ortega), Leto (Kirill Serebrennikov) eta Netemo Sametemo (Ryusuke Hamaguchi). Guztiak Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehiatuko dira.

‘Un día más con vida/ Another Day of Live’, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehiatuko da

Zabaltegi-Tabakalera sailean, berriz, Belmonte (Federico Veiroj), Coincoin et Les Z’Inhumains (Bruno Dumont), Da Xiang Xi Di Er Zuo (Hu Bo), Las hijas del fuego (Albertina Carri), Trote (Xacio Baño) eta Le Livre d’image (Jean-Luc Godard).

Donostiako Zinemaldia irailaren 21etik 29ra bitartean egingo da.