Gaurtik ekainaren 28ra bitartean egingo dute Arroxelen (Frantzia) Sunny Side of the Doc dokumentalen azoka garrantzitsua. Eiken ikus-entzunezkoen klusterrak, Zineuskadik eta Etxepare Euskal Institutuak Basque Audiovisual standa jarriko dute bertara joaten diren euskal ekoizleentzat eta 32 euskal dokumentalekin osatu dute aurtengo katalogoa.

Sektoreko profesionalentzat ezinbesteko hitzordua da Arroxelekoa, 60 herrialdetako banatzaileak, erosleak, sortzaileak eta ekoizleak biltzen baitira bertan. Helburuak, dokumentalak ezagutzera ematea, finantzaketa lortzea edo lankidetza sustatzea dira, besteak beste.

Eiken ikus-entzunezkoen klusterrak, Zineuskadik eta Etxepare Euskal Institutuak beste behin ere jarriko duten standean, euskal zuzendariek eta ekoizleek bilerak egingo dituzte. Baina ez hori bakarrik, iaz egin zuten moduan, aurten ere parte-hartzaile guztiei katalogo bat banatuko zaie. Aurten 32 euskal dokumental bilduko ditu katalogoak: 13 garapen prozesuan daudenak, 9 ekoizpen prozesuan eta 10 bukatuta.

Maluta Films, Atera Films eta Caravan Cinema ekoiztetxeen Margolaria dokumentalak ere parte hartuko du dokumentalen azoka garrantzitsuan. Euren lanak Mikel Urdangarin artistaren historia kontatzen du. Horiez gain, Altube Filmeak, Arena Comunicación, Bainet Zinema, Gastibeltza Filmak, Haruru Filmak, Irusoin, Marmoka Films, Mirokutana, Sincro Produccion, Sonora Estudios, Sr y Sra eta Taui Media ere parte hartuko dute. Gainera,  Donostiako Zinemaldian Ibaiak (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa eta Iparraldeko Kanaldude telebista ere egongo dira ordezkatuta.