Ekainaren 26an, asteartea, egingo dute Donostiako PIA eraikinean (Zuatzu) Gidoi Inguruaren VII.edizioa. Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte profesionala eta IBAIA – Ikus –entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen eskutik, tartetxoa izango dute gidoien sorrerarako laguntza jaso duten proiektuek haiek ekoizteko interesa izan dezaketen ekoizleen aurrean euren lana aurkezteko.
Gidoien idazketari zuzenduriko diru laguntzei dagokionez, beti antzeman da zailtasun handia finantzatutako proiektu horiek prozesuaren gainontzeko faseetara iristeko (garapenekora, ekoizpenekora, difusiora…), eta hortaz, nekez bete izan dute laguntza jasotzearen azken helburua. Sorrera, garapen eta produkziorako bultzada jaso duten proiektuak film luze bilakatzea da eta jende aurrean erakustea da, beraz, jardunaldiaren xede nagusia.
10:00etan hasita, 2017an gidoiak sortzeko laguntza jaso zuten zortzi proiektuak aurkeztuko dituzte egile amateur zein seniorrek:
– Isiltasuna (Lur Olaizola)
– Beldurra (Ainhoa Aierbe, Tessa Andonegi)
– Rioseco (Jokin Urruticoechea)
– Han urrutiraino (Alberto Gastesi)
– Sebastian Isaac Puente: Acción (Juan Ibarrondo)
– Lurralde Hotzak (Iratxe Fresneda)
Gainera, aurkezpenaren ondoren, “Gidoia ikus-entzunezko formatu berrietan” mahai-ingurua aurkeztuko dute Marian Fernandez IBAIAko lehendakariak eta Asier Guerricaechebarria EHGEPkoak. Sektoreko hainbat aditu profesionalen eskutik, gidoien idazketan eta egokitzapenean ematen diren aldaketak aztertuko dira bertan, eta, halaber, egunetik egunera sartzen ari diren formatu berriak.
Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da inskripzio orria betetzea. Bestalde, ikusi egitarau zehaztua hemen.