Zabaldu dute Tolosako Leidor Antzokiko udako zikloak hartuko dituen proiekzioen egitaraua. Sarreren salmenta abiatzearekin batera hasi dira saioak iragan larunbatean, ekainaren 16an, eta hilabete eskas luzatuko dira. Uztailaren 16ra arte, alegia.
Hauek izango dira, bada, ekainaren 16tik uztailaren 16ra bitarteko, zinema zikloak barneratuko dituen filmak:
– Ekainak 16, 17 eta 18. Jurassic World: Fallen Kingdom (J.A. Bayona, 2018)
Jurassic World abentura parkearen desagerpenaren ostean, aske ibili dira Nublar Uhartean zehar bertan bizi diren dinosauroak. Lurraldeko sumendi baten erupzioak lasaitasun hori mehatxatuko du zeharo, eta parkearen kudeatzaile izandako Claire Dearingek animaliak babesteko erantzunkizuna hartuko du bere gain.
– Ekainak 21. A quiet Place (John Krasinski, 2018)
Familia baten istorioa kontatuko du. Basoko etxe batean bizi dira, inongo soinurik egin gabe. Soinurik egiten ez baduzu, ez zaituzte antzemango…
– Ekainak 27. EnFemme (Alba Barbe i Serra, 2017)
Crossdressing-a (edo trabestismoa) nahiko ezezaguna da. Alba Barbe antropologoa bere tesirako ikerketek eraman zuten EnFemme kluba ezagutzera, armairu erraldoi baten moduko leku bat, non pertsonak nahi duten modura jantzi daitezkeen. Toki pribatu horretan sortu zen dokumental lan honetan jasoko den kontakizunaren jatorria.
– Uztailak 1, 2. Lean on Pete (Andrew Haigh, 2017)
Charlie Thompsom gaztearen ihesaldiaren kontakizuna egingo du filmak. Aitak bakarrik utzi egingo du hamabost urte besterik ez dituela, eta denbora luzean ikusi ez duen izeba baten etxean bilatuko du babesa. Bidaia arriskutsua egingo du, lapurturiko lasterketa-zaldi baten bizkarrean.
– Uztailak 5: Isle of dogs (Wes Anderson, 2018)
Megasaki Cityko txakur guztiak haien jabeetatik banandu eta hondakindegi batera erbesteratu dituzte. Galera onartu ez eta, halako batean, 12 urteko gaztetxo batek bere txakur galdua bilatzearen bidaiari ekingo dio.
– Uztailak 8, 9. Film stars don’t die in Liverpool (Paul McGuigan, 2017)
1981 da. Peter Turner (Jamie Bell) aktore britainiarrak ezusteko dei bat jasoko du: bere maitale ohiak, Gloria Grahame (Annette Bening) aktoreak, kolapso bat du Lancastergo hotel batean ostatu harturik dagoela. Medikuen zaintza ukatuko du emakumeak, eta Peterren presentzia galdegingo du. Bikote ohia zaintzearen lana hartuko du orduan Turnerrek, oharkabean iraganean ahaztuak zituen sentimendu ugari berreskuratuz.
– Uztailak 12. Visages, Villages (Agnes Varda eta JR, 2017)
Artea sortzea bezain garrantzitsua da artea ikustea, bizitzea, hauspotzea. Egun eraldatzen ari den sormenari, bizi dugun garai nahasiari eginiko adierazpena izan nahi duen ‘roadmovie’ moduko filma topatuko dugu Agnes Varda zinegile maitatu eta beteranoak eta JR hiriko artista grafikoak gidatutako lankidetza honetan. Xumea bezain maitagarria.
– Uztailak 15, 16. Le semeur (Marine Francen, 2017)
Bizi duen garaiaren konbentzialismoek ezarritakoaren arabera (1852an kokatuko gaitu filmak) ezkontzeko adina dauka Violletek. Napoleon III.-ak agindutako errepresioak, ordea, gizonak emakumeengandik banatzea eragingo du. Hilabeteak pasako dituzte isolaturik, eta horrek eragindako etsipenean, gizonezko bat aurkitzen badute denen artean elkarbanatuko dutela zin egiten diote emakumeek elkarri. Izan ere, haien esku dago bizitzaren iturria.
Kontsultatu ordutegiak eta film bakoitzaren laburpena hemen.