Ekainaren 20tik 26ra bitartean antolatu dute Different! L’autre Cinéma Espagnol jaialdia Parisen. 11.edizioa izango da aurtengoa, eta Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia euskal filmak emango dio hasiera egitarauari.
Filmeko pasarte batek dioen ‘inor ez da etengabe hazten’ premisari izkin egin dio Handia filmaren bilakaerak. Ibilbide ezin arrakastatsuagoa egin du 2017an Donostia Zinemaldian estreinatu zenetik: jaialdi ugaritan izan da, eta hamaika sari jaso dituzte pelikulak zein lan-taldeak. Bi zuzendariak gonbidatu dituzte ekainaren 20an, Xabier Berzosa ekoizlearekin batera, filma aurkeztu eta jaialdiari hasiera ematera.
Nekez topatuko dugu filmaren berri izan ez duenik, Altzoko erraldoiaren istorioa ezagutzen ez duenik. Bada, horientzako, badaezpada, hau da sinopsia: Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela ikusiko du. Mundu osoko jendeak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua.
Ez da bakarra izango
Bestetik, Arantxa Echevarria zinegile bilbotarrak Carmen y Lola opera prima aurkeztuko du jaialdian. Filmak, zailtasunen aurrean bere haremanaren alde borrokatuko duten bi nerabe ijitoren istorioa kontatuko du. Gizartearen eta ordezkatzen duten kolektiboaren diskriminazioen eta traben gainetik, elkar-maitatzea erabakiko du bikoteak.
Parisen aurkeztuko duena zuzendari bezala landutako lehen film luzea izango da Echevarriarentzat, baina lehenago 7 for Etheria (2017) ikus-entzunezkoaren errodajean parte hartu du, eta film labur nabarmenak egin ditu ere: El Ultimo Bus (2016) eta Yo, Presidenta (2015). Iragan maiatzean estreinatu zuen Cannesko zinema jaialdiko Zinemagileen Hamabostaldian.
Ikusi jaialdiaren programa osoa hemen.