Hirugarrenez, Nazioarteko Zinema Mintegia egingo dute Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan. Post-Cosmos izena jasoko du ikastaroak, uztailaren 5etik 8ra bitartean egingo dute eta, aurreko edizioetan bezala, eragileak udan jasoko duen erakusketa izango du abiapuntu.
Jules Verne eta Ray Bradbury idazleen aipuetan oinarritu dira antolatzaileak mintegiaren nondik norakoak azaltzerako orduan, eta Post-Cosmos izenburua jasoko duen espedizio bat balitz bezala abiatuko dute: “bidaia, abentura, aurkikuntza, zientzia, kontakizuna, fikzioa”. Bi ikuspuntu eta distantzien artean mugituko da: alde batetik, urrunekoari eta ezezagunari behatuko dio; bestetik, gertuen dugunari. Kasu bietan, gure buruak kuestionatzera behartuko gaitu, ikusten dugun eta entzuten dugun horren inguruan.
Aurrez ospatutako beste bi edizioetan bezala, Tabakalerako udako erakusketa hartuko mintegiak abiapuntu gisa. Rosa Barba artistari eskainiko zaio aurten, eta haren lanak, gaiak, irudiak, testuak eta soinuak izango dituzte inspirazio-iturri ikastaroak hartuko dituen lau jardunaldietako pelikulak eta ibilbideak planteatzeko.
Honako hauek izango dira, besteak beste, jardunaldiek jasoko dituzten izenak: Rosa Barba, Edwin Carels, Carla Andrade, Ben Clark, Regina de Miguel, Paula Olaz, Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideak eta Matthew C.Wilson.
Parte hartzeari dagokionez, zabalik dago jada izen ematea, eta ekainaren 25a bitartean mantenduko da. Guztira, 35 plaza atondu dituzte antolatzaileek, 50€-ko matrikula ordainarekin. Oro har, mintegiko materiala, mintegiaren programarekin lotutako irteerak (hiru espedizio egongo dira), titulu egiaztagaria eta hiru bazkari hartuko du matrikula kostuak bere gain.