Ana Murugarren zuzendaria saritu dute Mexiko Berrian ospatzen den Albuquerque Film&Music jaialdian.  Zuzendari onenaren aitorpena jaso du zinegile nafarrak, La higuera de los bastardos filmaren errodajean egindako lanagatik.

Albuquerque hiria eta New Mexico Film Commision erakundearen apustu handia da musika eta zinemagintza berria uztartzen dituen jaialdia, Breaking Bad telesaiak hiriarekiko piztu duen interes bapatekotik eratorria. Milaka zinegile erakarri ditu azken urteetan tokiaren estetika berezi bezain hutsalak, eta presentzia nabari horretaz baliatu dira antolatzaileak jaialdiari ere ikusgarritasuna eta pisua emateko.

Ivan Wiener, ekitaldiko zuzendariaren eskutik jaso zuen saria Murugarrenek. Zinegilearen lana txalotu zuen Wienerrek, istorioaren kontaketa egiterakoan erabilitako “erregistro dramatiko eta ederra” nabarmenduz. Zuzendari onenaren aitorpenaz gainera, filma Rute 66 errepide enblematikoan kokaturiko Guild Cinema areto ezagunean proiektatzeko aukera izan du ere.