Azken urteetan baino ‘etxekoagoa’ izango da Kimuak egitasmoaren 2018 urteko katalogoa. Atzo, ekainak 12, zabaldu zuten aukeraketa eta, orotara, zazpi proiektuk osatuko dute film sorta. Tartean dira Maddi Barber, Josu Martinez edota Pello Gutierrezen proiektu bana.
Euskal Herriko film laburren ekoizpen interesgarrienak nazioartean zabaltzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren bidez kudeatzen duen deialdiak. Horretarako, urtean zazpi bat lan aukeratzen dituzte, eta haien nazioarteko banaketa beren gain hartzen dute, jaialdi eta sari banaketetara helarazteko.
Carlos Plaza Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikariak; Ivan Miñambrese UniKo ekoiztetxeko zuzendariak; Jorge Rivero zinegileak; Lorena Martin Canarias en Corto programako tekniko arduradunak; eta Ruth Pérez de Anucita Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduradunak osatu du aurtengo aukeraketa batzordea, eta honako filmak saritzea erabaki dute aurkeztu diren 78 proiektuak aurkeztu eta gero:
– 592 METROZ GOITI. Maddi Barber.
Ikus-antropologia master bukaerako proiektu bezala hasi zuen proiektua. Lurralde batek erabateko aldaketa jasaten duenean bertako biztanleek dituzten bizi aukerak aztertzen ditu, kasu honetan, 1990. hamarkadan Itoitzeko urtegiak urperatu zituen inguruak behatuz. 592 metroko garaieran dagoen kotak bailara bitan zatitzen du: maila horren azpitik ura dago, gainetik, bizitza.
Leioako Doxa Producciones etxeak ekoiztu du dokumentala. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatu zuten Nafarroako Pirinioen magalean, 2017ko udan. Maddi Barberren laugarren lana da; 2015ean Zinergentziak barruan Distantziak film kolektiboan parte hartu zuen eta 2017an Ametsen egunerokoa / Diario de Sueños zuzendu zuen berak bakarrik. Berriki Yours Truly egin du, Christopher Murray eta Charlotte Hoskins egileekin batera.
– AMA. Josu Martinez.
Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionaindiaren obran oinarritutako film kolektiboko pieza bat da. Bilboko Adabaki produkzio etxeak bultzatu eta ekoiztu du proiektua. Amak 1915eko udara eramaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herriko auzo urrun batera, gutun baten esperoan bizi den emakume baten etxera.
Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea da. Zinemagintzan, sei dokumental luze zuzendu ditu, tartean Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora (2010), Prohibido recordar (2010) eta Donostia Zinemaldian estreinatu zen Gure sorlekuaren bila (2015). Lapurdin kokatutako Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sortzailea ere bada eta literatura mailan, hiru saiakera liburu publikatu ditu.
– ANCORA LUCCIOLE. Maria Elorza.
Ancora lucciole, Maria Elorzaren dokumental berriak, gaztelania eta italiera nahasten ditu 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako hitzak gogora ekartzeko. Artikulua idatzi eta gutxira hil zuten Pasolini, eta ordutik, ipurtargiak ere desagertuz joan dira. Bada oraindik, baina, gogoratzen dituenik.
Maria Elorza (Gasteiz, 1988) bigarren aldiz egongo da Kimuaken, 2016an Maider Fernandezekin osatzen duen Las chicas de Pasaik kolektiboaren Gure hormek aurkeztu eta gero. Filmografia luzea dauka gasteiztarrak. Las chicas de Pasaik bezala sinatu ditu Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Agosto sin ti (2015), Kalebegiak proiektuko La chica de la luz pasartea (2016) eta Gure hormek lanak. Bere kabuz ere zenbait dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas (2011).
– ESPEDIZIO HANDIA. Iban del Campo.
Espedizio handia zientzia-fikziozko lana da. L’Estrange familia ardatz hartuz, gizakiak izarren hautsa baino gehiago izateko duen nahia behatzen du, familia bera espaziorako bidean jarraituz.
Bigarren aldia izango da ere Iban del Campo arrasatearrarena Kimuak programan, 2009an Dirty Martini dokumentalarekin parte hartu zuen lehen aldiz.
Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta bertako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Besteak beste, Un tal Eusebi (2003), Lo bakarrik (2008), Katebegitik (2011), Con Tramontana (2012) eta Tigger! (2016) laburrak zuzendu ditu.
– KAFENIO KASTELLO. Miguel Angel Jimenez.
Miguel Ángel Jiménezek zuzendu eta Gasteizko Kinoskopik etxeak ekoitzi du Kafenio Kastello dokumental fikzionatua. Atenaseko erdigunean, krisiaz eta suntsipenaz inguratuta bizi den pertsonaia talde txiki batek patu ilunari eusten dio, beraien arteko anaitasunari esker.
Jiménezek (Madrid, 1979) Khorosho aurkeztu zuen Kimuaken 2010ko katalogoan. Bere lehen film laburra Aki Kaurismäkiren laguntzarekin egin zuen 2001 urtean, eta 2007an Kinoskopik sortu zuen Gorka Gómez Andreu eta beste bi bazkiderekin batera. 2008an Días de abanico dokumental laburra egin zuen, eta 2009an Ori, bere lehen film luzea grabatu zuen Georgian. Chaika, bere bigarren luzea, Donostia Zinemaldiko Zuzendari berriak atalean estreinatu zen 2012an. Orain Sumendia fikzioa prestatzen ari da, Bilbo eta Grezia artean grabatuko dena.
– NO ME DESPERTEIS (Sara Fantova)
No me despertéis Sara Fantova (Bilbo, 1993) zinegile gaztearen lehen filma da. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatuta dago eta Bartzelonako ESCAC zinema eskolako gradu bukaerako lana da. Esperientzia pertsonal batetik abiatuta sortu du lana.
Jone DBH 4. mailako ikaslea da. 2009ko Bilbora eramaten gaitu, protagonistaren institutuan arnasten den giro abertzale eta aldarrikatzailera. Grebak eta manifestaldiak ohiko ekintzak dira nerabeen artean, baina Joneren errealitatea oso bestelakoa da.
– ZAIN (Pello Gutierrez)
Pello Gutiérrez (Donostia, 1979) sortzaileak zuzendu du Zain komedia tristea. Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du.
Zazpi T’erdi ekoiztetxeko sortzailea da Pello Gutiérrez, David Aguilarrekin batera. 2007tik, ez-fikzioa eta mugako generoak landu dituzte eta ekoitzitako lanekin (Nao Yik, Mara mara, Converso) hainbat nazioarteko sari jaso dituzte. Berak zuzendutako lanak dira Heroínas sem nome (2011), Abuztua (2014) eta Ozpinaren sindromea (2017