Mikel Zumeta kideari erreleboa hartuta, ekainetik aurrera Zigor Etxebeste donostiarra izango da Zinea atariko kritikari berria. Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko eta Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak, Iñaki Lazkano EHUko irakasle eta kazetariak, eta Ane Muñoz kazetari, zinegile eta scriptak osatutako epaimahaiak Paul Urkijoren Errementari filmari egindako kritika saritu du.

Espero baino azkarrago igaro da urtea, eta hamabi hilabetez, astero astero, gurekin kolaboratzen aritu ostean, Mikel Zumetak datorren astean idatziko du atarirako bere azken kritika. Lan bikaina egin du, euskal filmak zein atzerrikoak eta genero guztietako proposamenak gurera ekarrita. Donostia Zinemaldian ere buru-belarri aritu zen, Zinemira saileko hainbat filmen ingurukoak gurekin partekatzen, eta oso eskertuta gaude, primerako lankidea izan delako. Handia zara, Mikel!

Baina urtebeteko konpromisoa amaitzear da, eta hurrengo astetik aurrera Zigor Etxebeste izango da atariko kritikari berria. Paul Urkijoren Errementari filmaren kritikarekin hartu zuen parte III. Kritika Lehiaketan, eta epaimahaikideek testuaren kalitatea eta argitasuna azpimarratu nahi izan dute.

Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkizuegu berriro lehiaketan parte hartu duzuen guztiei, eta espero dugu Uxue Arzelusekin,  Aritz Sorzabalekin eta Mikel Zumetarekin egin bezala, Zigorrekin ere hortxe izango zaretela, asteazkenero zinema aretotik ekarriko dizkigun berriak jarraitzen. Martxan da laugarren denboraldia!