Lerroak findu, koloreak nabarmendu, eta marrazkiari azken zertzeladak emateko garaia da. Margolaria filmaren sekuentzia batzuk grabatzen izan dira gaur Donostian, Mikel Urdangarin protagonista izango duen filmaren errodajeko azken irudietako batzuk.

Artea, kultura… sorkuntza prozesu bat izango du ardatz proiektuak, Mikel Urdangarin abeslari zornotzarraren esperientzia pertsonaletik abiatuta. Artistaren bizitza, gazi-gozoak, arazoak eta pozak. Mikel Urdangarinen historia kontatzen du, baina izan zitekeen munduko beste edozein sortzaile ere. Harekin batera, beste zenbait artistaren bizipenak ere jasoko ditu dokumentalak.

Azken irudiak jasotzean, post-produkzio eta edizio lanari ekingo diote, eta ondo bidean irailean estreinatuko dutela iragarri dute. Oier Aranzabal zuzendariak gidatu du proiektua, Maluta Films ekoiztetxe donostiarraren babesa eta Caravan Cinema eskoziarraren koproduzioarekin. Berriki jakin dute, gainera, ETBk sartuko dela proiektuan, eta Atera Films banatzailea arduratuko da mugaz kanpoko ibilbidearen diseinuaz.