“Territorios y Fronteras. WE MEAN. Zinema dokumental garaikidea eta gu” izeneko udako ikastaroa jasoko du egunotan BilbaoArtek, Bilboko Udalaren Arte Koizpeneko Zentroak. Hiru egunez luzatuko da lantegia, ekainaren 6tik 8ra, eta zinemagintzaren alorrean ospe eta aintzatespen handia duten hamairu emakumeren partaidetza izango du.

EHUk udako eskaintzaren barruan jasotako ikastaroa bada ere, Territorios y Fronteras topagunearen ekimena da.  Egungo filmak ikusteko, eta haien inguruko eztabaida eta hausnarketak sortzeko gunea da, eta aurten ere, zinegile, publiko eta hainbat kultura-eragileren arteko hartu-emana sustatzeko helburuarekin bultzatu dute ekitaldia.

Hasieratik proposatu zituzten galderen erantzunen bila doaz: “Zer da zinemagintza garaikidea? Nor da zinegilea gaur egun? Norentzat egiten dira filmak? Nola egin dezakegu pertsonala den pelikula bat? Nola ekoitzi eta zabaldu? Eta guk, emakumeok… zer dugu honen inguruan esateko? TYF-eko helburu nagusia betikoa da, lurralde dokumental garaikide honen kartografia mutante eta iragankorra osatzea eta zehaztu gabeko mugak dituen zinema mapan kokatzea”.

Atzotik hasita, gogoetarako, eztabaidarako, esperientzien trukaketarako eta elkar ezagutzarako gunea bilakatuko da mintegia hiru egunez, eta ibilbide oparo bezain estrategikoa duten hamairu emakume zinegile zein adituren testigantzak bilduko ditu: Diana Toucedo, Virginia Garcia del Pino, Ingrid Guardiola, Dostopos kolektiboko Ana Pfaf eta Ariadna Ribas, Coral Cruz, Amanda Villavieja, Margarita Ledo, Beli Martinez, Anna Solà, Estibaliz Alonso, Aintzane Pagadigorria  eta Vanesa Fernandez Guerra.

Ikusi hemen egunez eguneko egitaraua.