Aitorpen gorena jasoko du Asier Altuna zuzendariak Italiako Okzitaniako Ostana Herrixkan egiten den Premio Ostana, Scritture in Lingua Madre sari banaketan. Uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute topaketa, eta hizkuntza komunitate txikietan ama hizkuntzan sortzen duten sortzaileak izango dira bertan. Zinemaren alorrari dagokion saria jasoko du zinegile bergararrak.

Argazkia: Donostia Zinemaldia.

2015an estreinatutako filma bada ere, zinegileak Amama filman egindako ekarpena sarituko du munduko hizkuntzak oinarri dituen kultur egitasmoak. Badira 10 urte jaialdia egiten hasi zirenetik, eta ama hizkuntzan jarduten duten autoreen topaleku eta erreferente bilakatu da lehen edizioetatik. Jaialdiak aintzatetsiko duen lehen euskal sortzailea izango da Altuna.

Amamaren ajeak iraun artean, bestelako lanetan murgildu da ere zinegilea. Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako Karmele filma errodatzearen proiektua du orain eskuartean. Cannesko jaialdian izan da berriki hura finantzatzeko babes bila, eta ondo bidean urte amaieran ikusi ahal izango dugu.

Gutxi balitz, Aupa Etxebeste gogoangarriaren bigarren atala izango denaren grabaketari ekingo dio uda partean. Honetan ere, bere ibilbidearen osagarri den Telmo Esnal zuzendari eta kidea izango du bidailagun, 2019ko erdikalderako iragarri dute bigarren honen estreinaldia.