Asteburu honetan, bazkalondo batean, filmen eta telesailen inguruan hitz egiteko aukera eduki dut. Bertan, emakume lesbianek, fikzioan beste emakume lesbianen erreferentzia gutxi dituztenez, emakumeen arteko maitasun istorio bat dagoen edozein telesail edo film ikusten dituztela aipatu zen. Nire ondoan zegoenari arrazoi guztia eman behar izan nion, eta zer hausnartu eman zidan esaldi honek. Arrazoi garrantzitsu bat dago emakume lesbianek horrela jokatzeko: emakumeen arteko amodio istorio oso gutxi kontatzen dira filmetan eta egiten diren horiek, askotan oso txarrak dira.

Film txar horien artean, Netflixen ikusgai dauden bi pelikula daude: alde batetik Below her mouth, eta bestetik Rosas Rojas. Bi pelikula hauetan amodio istorio ezinezko bat kontatu nahi digute, eta bikotearen kide batek beste emakume batekin duen lehen istorioa ikusi dezakegu. Emakumeen arteko harremank agertzen diren filmetan klixe hau oso ohikoa dugu, oso gutxitan ikusi dezakegu biak aurretik lesbianak direlako maitemintzen direla. Errealitatean gertatzen denaren alderantzizkoa gertatzen da fikzioan.

Topiko horretan erortzen diren beste pelikula asko daude, baina badaude kalitate hobea dutenak. Azken urteetako pelikula interesgarrienetarikoa Todd Haynesen Carol izan da. Film honetan ezkutuko maitasun baten istoria ikusi dezakegu, Cate Blanchett aktoreak lan apartaz gozatu, eta, gainera, errealitatearekiko erlazio gehiago duen filma da.

Emakumeen arteko maitasun istorioak kontatzen dituzten filmen beste topiko bat maitasunak berak amaiera txarra izango duela da. Horrelako film gehiegi daude ere, besteak beste, La vie d’Adele film frantsesa dugu. Pelikula honek eztabaida dezente sortu zuen, batez ere errodatzerako orduan: gehiegizko errepikapenak eskatzen omen zituen zuzendariak, eta egoera desorosoak bizi izan zituzten aktore protagonistek. Filma aparta bada ere, egoera honek belztu egiten du Cannesen Urrezko Palma jaso zuen pelikularekiko publikoak izan duen ikuspegia.

Duela astebete, Disobedience, Sebastian Lelioren azken pelikula iritsi da gure zinema aretoetara. Film interesgarria izango da emakume lesbianentzat, Lelioren pelikulen arteko emakume protagonisten erlazioak erakusten duen ikuspegi berriarengatik. Tirabira asko izan ditu filmak, erlijio judu-ortodoxoari egindako kritika zuzena delako, eta baita ere homosexualitatea gaur egun naturaltasunez ikusten ez den zerbait dela frogatzen duelako.

Argi dago kalitatezko erreferente ezberdinak behar ditugula, eta, horien bila, emakume lesbianen inguruko beste bi istorioen filmak iritsiko dira gurera datozen hilabeteetan. Alde batetik, Cannesko Quinzaine des Réalisateurs sailean aurkeztu den Carmen y Lola pelikula dugu. Arantxa Echevarria zuzendari bilbotarraren lehen lana da, eta bi emakume ijituen arteko maitasun istorioa kontatzen du filmak. Badirudi irailetik aurrera helduko dela gurera.

Bestetik, Isabel Coixetek Netflix sarearekin elkarlanean egingo duen proiektua dago. 1885. urtera eramango gaitu Elisa y Marcela filmak. Urte horretan ezagutuko dira bi protagonistak, maitasuna sortuko da beraien artean. Garaiko oztopoei aurre egin, eta maitasunarekin jarraitzeko, Elisa Marion bihurtuko da. Istorio erreal batean oinarritua dago, eta historiako bi emakumeen arteko lehen ezkontza ikusteko aukera egongo da film honetan.

Erreferente gehiago behar dira emakumeen arteko maitasuna estandarizatzeko, eta, horregatik, eskertzen da azken urteetan horren aldeko kalitate oneko filmak egin direla ikustea.