Gaur bertan, ekainaren lehenegoan, abiatuko dute bideokilp eta film laburren nazioarteko Caostica jaialdiaren XVI. edizioa. Hilaren 11ra bitarte, hamaika txokotatik heldutako sorkuntza piezak ikusi ahal izango dira Bilbon.

caostica-jaialdia

Iluntzeko 21:30an egingo dute gaur, Bilborock aretoan, jaialdiaren aurkezpen ekitaldia. Sarrera doakoa izango da, espazioaren edukierak baldintzatutakoa, gainerako emanaldietan bezala. Jaialdiak emango dituenak zerrendatuko dituzte antolatzaileek, eta ekitaldiaren markoak hartuko dituen bestelako ekimen paraleloak, halaber. Los Ganglios + Dj Mimoloco & VJ Anisakis taldeen kontzertuak itxiko du gaua.

Astebete luzez, hiriko areto eta txoko ezberdinetan egingo dituzte emanaldiak, hartzaileen profila ere dibertsifikatu asmotan. Horrela, Basurtuko ospitaleko haurrekin izango dira, Bilboko Erriberan, hiriko hainbat liburutegitan, Artxandako patinaje pistan, EHUren Leioako kanpuseko ikasleekin… Emanaldien ostean, gainera, musika saioak ere egingo dituzte.

Jasotako lanen artean, 45 aukeratu dituzte antolatzaileek hamar egun hartuko dituen egitaraua osatzeko, eta Gorka Agirre, Raquel Meyers eta Ernesto de Novak osatutako epaimahia arduratuko da guztiak baloratu eta irabazleak hautatzeaz. Ordezkatuak egongo diren herritartasunen artean, nabarmena izango da euskal jatorrizkoek film laburren atalari egingo dioten ekarpena. Bada, hauek izango dira ikusgai izango diren euskal lanak:

– ETA (FP) (Koldo Almandoz)

– Versus (Demetrio Elorz)

– Aprieta Pero Raramente Ahoga (David Sañudo)

– Ziren (Aitzol Saratxaga)

– Areka (Atxur Animazio Taldea)