Urtea: 2017
Herrialdea: Euskal Herria/Frantzia
Zuzendariak: Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs

Frantziako herri txiki bat.  2016ko lan-erreformaren garaian, Radial enpresak bere ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Egoera konplikatu guzti hori, ikusleari  lehen kolpean iristeko, sekuentzia plano luze eta dotore batekin hasten da filma. Inongo mozketarik eta mugimendu irmo batekin, kamera hainbat pertsonaietan zehar bidaiatzen du. Ibilbide horren erdian, rock talde bat zuzeneko musika eskainiz. Hasierako kaos guzti hori, filmaren protagonistetako bat izango den neskak aurikularrak jarri eta entzuten duen musika guztia inbaditzen duen unean eteten da.

Normalean, lehen minutu hauek, filmaren nondik norakoa zein izango den aurreratzen laguntzen dute.  Ez dute agian gai zehatza azaltzen,  baina bai hurrengo minutuetan ikusiko dugun tonua, erritmoa eta generoa zein izango den antzematen laguntzen dute. Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet lehengusuen filmaren kasuan, erritmoa hasietatik bukaeraraino mantentzen den zerbait izan da, baina generoa eta tonuarekin zeharo nahastu egin nautela aitortu behar dizuet. Gehien gustatu zaizkidan hasierako eta bukaerako sekuentziak, gainerako minuetetatik kanpo baleude bezala sentitu dut. Liluratu nauten lehen hamar minutu horien ostean, filmak beherantz egiten duela iruditu zait eta nahiko noraezean sentitu dut.

Ikaragarri gustuko ditut genero honetako filmak, are gehiago koralak direnean eta umore beltzak ingurunea inbaditzen duenean. Baina guzti horrek, sinesgarritasun maila minimo bat izan behar duela pentsatzen dut. Pertsonaien ekintzetatik hasiz eta jakina, gidoiaren azken lerroraino. Eta hori izan da agian film honekin izan dudan arazoa, kosta egin zaidala ikusten nuen guzti hori sinestea. Eta hor apur bat labaindu direla uste dut. Tarantino ala Coen anaien kutsuak zipriztintzen ditu hainbat une, baina keinu txiki batzuetan baino ez dira geratzen. Ziurrenik, forma aldetik objekziorik ez nioke jarriko, baina bai edukian eta batez ere bien arteko erabilera orekatuago batean.

Pertsonaiak ere aipatu ditut, baina erne, ez naiz aktoreen lanaz ari, orokorrean ongi daudela uste dut. Objekzio nagusia pertsonaia horien konposaketan jarriko nuke, eta konkretuki burutzen dituzten ekintzetan eta istorio horren barruan nola mugitzen diren. Planteaturiko testuingurua hain interesgarria eta mamitsua izanik, konkrezio apur falta bat falta izan dela sumatu dut. Istorio zabal honen barruan zerbait txikiagoa, zehatzagoa kontatzea agian. Nik uste gutxiagorekin askoz gehiago lortuko zuketela. Ken Loach zuzendari Ingelesak hain ongi maneiatzen duen drama sozial moduko baten baliabideak erabiliz agian -hasierako sekuentzia ikusi dudanean bere izena etorri zait burura-. Umore hori galdu gabe jakina, baina gizarte kritikari indar eta garrantzia gehiago emanaz. Teknika eta ikusgarritasuna alde batera utzi, eta benetan garrantzitsua goraipatzea azken finean.

Entretenimendu gisa primerakoa iruditu zait, hainbat sekuentzia solte ikusiz gero, lehen mailan jokatzeko modukoa. Baina osotasunean eta alor guztiak kontuan hartuz, ongi bat emango nioke. Lastima, teknika menderatzen dutela antzematen da eta istorioak bazuen mamia nahiko zerbait gehiago garatzeko.  Beraz, saiakera ona izan den arren, Coen lehengusu euskaldun hauei zerbait gehiago falta izan zaiela esango nuke.