Orain hamabost egun jaso genuen albistea. 82 urte zituela, Altzeimer gaitzak jota hil zen Antonio Mercero zuzendari eta gidoigile lasartearra maiatzaren 12an. Bihar asteartea, hilak 29an, omenaldi bat eskainiko diote Euskadiko Filmategiak, Crossover telesailen kultura jaialdiak eta Lasarte-Oriako Udalak Tabakaleran egingo duten ekitaldi batean.
Zinema eta telebistarako egin dituen lanek arrasto handia utzi dute azken bost hamarkadetan. Jendearen oroimenean hiltzatuta daude, umorea eta zirrara neurriz uztartuz, maisuki jakin izan baitu beti jendearengana iristen. Horregatik guztiagatik, bere film gogoangarrienak gorpuztuko du omenaldia, La Cabina (1972) lanaren proiekzioak hain zuzen.
Ekitaldi irekia izango da publiko orokorrarentzat, doakoa, eta 21:00etan hasiko da Donostiako Tabakalerako zinema aretoan. Telebistarako errodatutako film-ertaina ikusi ahalko dute bertaratutakoek, eta Antonio Santos Mercero, gidoilaria eta zuzendariaren semea, eta Jesus Anguloren, zinema aditu eta Filmategiak zuzendariari eskainitako liburuetako baten egilearen, parte hartzea izango du.
Mercero beraren ideia batetik sortu zen La Cabina (1972) filma. Jose Luis Garcirekin batera idatzi zuen, eta Jose Luis Lopez Vazquez aktore espainiarra izan zen protagonista. Sortzailearen ospearen sendotzea eta nazioarteko aitorpena ekarri zituen berekin. Izan ere, Emmy saria lortu zuen telesail onenaren atalean. Horrela definitu zuen zuzendariak berak: “parabola irekia da, aukera asko eskaintzen dituen gidoi egitura, pertsona bakoitzaren sentsibilitatea suspertu dadin, eta berte kultura eta prestakuntza mailaren arabera ulertu dezan”.