Donostia Zinemaldiak aditzera eman ditu Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioak hartuko dituen bost lan proposamenak. Lehen aldiz, Elias Querejeta Zine Eskola egoitzen programan sartu izanari esker, lautik bostera zabaldu da film hautatuen kopurua, Arantza Santesteban iruindarraren 918 gau proiektua tartean.
Alemaniar, Argentinar, Espainiar, Errusiar eta Euskal Herritar jatorriko proiektuak garatuko dituzte aurten Ikusmira Berriak programaren laugarren edizioaren esparruan. Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostia Zinemaldiko eta, lehen aldiz, EQZE-ko kideek osatu dute hautaketa batzordea, eta 31 herrialde desberdinetatik jasotako 155 proposamenen artean egin dute aukeraketa. Zinegileen jatorria bezain orotarikoak dira hautatutako proiektuek jorratzen dituzten gaiak: kartzela bateko eguneroko bizitza, pornoaren industria, legendak, haurtzaroa eta deserrotzea. Aukeratutako bost zinemagileek sei asteko egoitza egingo dute Donostian, datorren abuztuaren 20tik aurrera.
Lehen lau asteetan, bere proiektuak garatuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean. Bere lan espazio eta denborak izateaz gainera, eskola magistralak eta adituen batzordeko kideen aholkularitzak jasoko dituzte ere tarte horretan. Egonaldiaren bosgarren astea, berriz, pitching saioa prestatuko dute, hau da, seigarren eta azken astean, Donostia Zinemaldiaren baitan, industriako kideei egingo dieten aurkezpena.
Proiektua garatzeko bitartekoak eskaintzeaz gainera, 25.000 euroko ordainsaria banatuko ditu programak hautaturiko proiektuen artean. Horrez gain, REC Grabaketa Estudioak postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, 35.000 zenbatetsiak.
Hauek dira proiektu hautatuak:
- 918 GAU. Arantza Santesteban (Iruñea, EH. 1979)
Polizia-furgoi baten gelaxka txikian, kartzelan urte luzeak zeramatzan emakume batek hau esan zidan: kartzela zer den kontatzeko, beharrezkoa da bertan lo egin izana. Duela ia hamarkada bat, 918 gau egin nituen kartzelan. Film honetan, mundu isolatu eta irudirik gabeko batean bizitzea zer den azaltzen dut.
- CHUPACABRA. Grigory Kolomytseven (Krasnodar, Errusia. 1990).
Bederatzi urte zituenean, Andrey herri txiki bateko kanpoaldean bizi zen, Itsaso Zuriaren ondoan. Andreyren amak, urduri, pobre izateaz nazkatuta eta senarrik gabe, etengabeko tentsioan zuen haurra, eta jo egiten zuen. Bikain portatzen ez zen bakoitzean, amak umezurztegira bidaliko zuela egiten zion mehatxu. Behin, Andreyk hildako txakur bat aurkitu zuen itsasertzean, ekaitz batean. Chupacabra ahuntz-banpiro mitikoa zela erabaki zuen, eta hark ama sufrimendu orotik askatu eta biak elkartzen lagunduko zuela sinetsi zuen. Andreyk telebistan entzun zuen Chupacabrak ilargi beteko gau batean norbaiti hozka eginez gero, pertsona hori bera Chupacabra bihurtuko zela. Andreyk hildako txakurraren hortzarekin atzamarka egin zuen eskuan.
- DORMEN OS PEIXES DE OLHOS ABERTOS. Nele Wohlatzen (Hannover, Alemania. 1982)
Hiru atzerritar hiri tropikal batean, munduko edozein lekutan baileude ibiltzen. Gela zuriak eta hutsak dituen jabekidetzen dorre bat, made in China purtzilerien dendak, marrazoen erasoak jasaten dituen hondartza bat, itsasoa. Lixue, Ah eta Bo batzuetan fikzioa dirudien errealitatean daude; akaso, munduko hirien etorkizunari buruzko iragarpen batean. Amaitu gabeko abesti baten hiru estrofa; baina, nork hitz egiten du noren partez? Hiruren deserrotzeak, horren ezberdinak, horren berdinak.
- EL AGUA. Elena Lopez Riera (Orihuela, Espainia, 1982)
Uda da, eta ekaitz handi bat Espainiako Levanteko herritxo batera hurbiltzen ari da. Anak 17 urte ditu eta amaren itzalean hazi da; ama azken uholdeetan desagertu zen, eta bere istorioa mamuen elezahar bilakatu da, herriko emakumeentzako pertsonaia bihurtu da, zeinek esaten duten ura beti etortzen dela heriotzarekin nahastuta. Ekaitzaren aurreko giro elektriko horretan, Anak Jose ezagutu du, eta lehen aldiz maitemindu da.
- EL OASIS. Manuel Abramovich (Buenos Aires, Argentina. 1987).
“Zergatik egin nahi duzu pornoa?”, galdetzen diote castingean. “Plazera irudikatzeak zoratzen nauelako”. Nola bihurtzen da norberaren plazera ikuskizun bat? Aktore porno batek bere sexualitatea show bihurtzen badu, non dago benetako plazera?