arg1

Iaz jakin genuen nork eta Netflixek ekoitziko zuela The Irishman, Martin Scorseseren hurrengo lana. Agerian dago Scorsese zuzendari handienetako bat dela; aitzitik, Silencek —hark zuzendutako azken lanak— artistikoki porrota izan gabe ere, sekulako diru-galera eragin zion Paramount etxeari.

Film hartan, New Yorkeko zuzendariak aspaldiko proiektu bati heltzea lortu zuen. Izan ere, Silence Scorsesek —Kurosawaren Dreamserako Van Goghen rola egiten ari zela— 1989an irakurri zuen liburu japoniar baten egokitzapena da; hain zuzen, Cristovao Ferreira jesuita apostataren inguruko bizipenak narratzen zituen eleberriarena. Pelikulak jaikoarenganako fede itsuaz hausnartzen du, eta izenburuak berak erreferentzia egiten dio jainko monoteistak ematen duen betiko erantzunari; alegia, isiltasunez ihardesten baitu beti-beti jainko monoteistak —salbuespen dokumentaturik gabe, nik dakidala—, kinka edozein izanda ere.

arg2

Silence film zail, astitsu, pertsonala atera zitzaion Scorseseri. Geroago, pelikularen ibilbide malkartsuak Paramountek The Irishman proiektu berria ekoizteari uko egin izana ekarri zuen. Hala ere, esan bezala, handik gutxira Netfixek erakutsi zuen Scorseseren film berria produzitzeko gogoa.

Scorseseren filmografian beti izan da halako bikoiztasun bat, film pertsonalak baina komertzialak, batetik; eta film pertsonal-pertsonalak, bestetik. Silence bigarren saldokoa bazen ere, itxura guztien arabera, The Irishman, lehen taldekoa da.

arg3

140 miloi dolarrerainoko aurrekontua izan lezakeen pelikula honek Frank Sheeran (Robert de Niro) funtzionario sindikalistarenak kontatuko ditu; izan ere, Sheeranek deklaratu baitzuen Jimmy Hoffa (Al Pacino) mafioso ospetsuaren hilketan inplikatuta zegoela.

Era berean, aipatu behar da aktore lanetan, besteak beste, Joe Pesci, Jesse Plemons (Breaking Bad), Anna Paquin (True Blood), edota Harvey Keitel aritu direla. Filmak  I Heard You Paint Houses (Etxeak pintatzen omen dituzu) ez-fikziozko liburuan du oinarri, eta AEBko mafiari buruzko pasarte ilun bat kontatzen du, Jimmy Hoffaren hilketa, betiere Frank The Irishman Sheeran sindikalista ustelaren ikusgunetik.

Bai De Niroren, bai Pacinoren pertsonaiek gaztetako sekuentziak dituzte, eta postprodukzioko lan konplikatu baten bidez gaztetuko dituzte aktoreak. Horretan joan bide da aurrekontuko zati handi bat. Netflixek 2019rako iragarri du The Irishmanen estreinaldia, Scorsese dualaren azken alea.

arg4

0