Argiz eta itzalez, soinuz eta isilunez, zinema ekoitzi eta banatzeko Gastibeltza Filmak etxe berria sortu dute. Senperen kokaturik, Euskal Herrira begira jarriko dira, euskaldun guztientzako lanean. Larraldea jauregi-etxean egindako agerraldi batean aurkeztu zuten atzo proiektua.

Gastibeltza-Filmak

Argazkia: Gastibeltza Filmak

Fuch anaiak, Ximun eta Manex, Eñaut Castagnet, Josu Martinez eta Katti Pochelu dira proiektuaren sortzaile eta artisauak. Bakoitzak bere esparruan, izan aktore, zuzendari, produkzio, banatzaile edo programatzaile lanetan, pilatu du urteetako eskarmentu eta jakinduria, eta indarrak batu dituzte orain proiektu amankomun baten alde.

Gabarra banatzailearen, La Fidele ekoiztetxeare, Kanaldude telebista egiturare edota Zinegin jaialdiaren arrakasta eta egonkortzeak agerian utzi dute aukerak badirela Lapurdin zinema lantzeko eta egiteko. Egitura eta testuinguru sendoa ez ezik, publikoa ere badago. “Bada zinemagile izan daitekeen belaunaldi bat ere” aipatu du Martinezek, “badira baldintza objektibo batzuk filmak egiterako orduan, lehen posible ez ziren moduak”.

Egitura horren baitan, ekoiztetxeen falta nabaritu dute proiektuaren bultzatzaileek, eta hutsune hori betetzera datozela azaldu dute. Nabarmendutako baldintza eta espazio horiek baliatuko ditu taldeak bere proiektua gauzatzeko. Lapurdin kokatu dute bulegoa, eta muga administratiboak eman ditzaken “abantaila txiki horiek” erabiltzeko ideia dute, bai koprodukzioak bultzatzerako orduan, eta banaketa lanak egiteko ere bai. Euskal Herrian ez ezik, Frantzian ere hedatu nahi dute beren jarduna, eta, aukerarik balego, Europan barna ere mugituko lirateke.

Urtean hiruzpalau proiektu bultzatzea dute helburua, zinemara doanak ‘euskarazko film bat’ ikusten ari dela pentsatu baino, ‘film arrunt bat’ ikusten ari dela pentsatzearen ohitura bereganatu dezan.

Martxan dira

Munduratu berriak izanagatik, lau proiektu dituzte uneotan eskuartean. Alde batetik, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako Gure Oroitzapenak filma. Hamabi zinegileren ekarpenekin osatuko dute dokumentala, eta koprodukzio eta banatzaile lana egiteaz arduratuko da ekoiztetxe sortuberria. Lezo: Amets kontrabandista da bigarren sorkuntza lana; Josu Martinezen dokumentala, Lezo Urreiztieta zenaren bizitza kontatzen duena.

Thomas Lacosteren L’hypothese democratique lanaren koprodukzioa litzateke hirugarrena. Lanak euskal gatazkaren historia azalduko du, Espainiako Gerratik, ETA erakundearen desegitera arte. Azkenik, Non filmaren banaketa da eskuartean duten laugarren proiektua. Frantzian sorturikoa, lehen banaketa esperientzia izan dute eta, Iparraldea zeharkatu eta gero,  Hego Euskal Herrian programatzeko asmoa dute.