Zientzia-fikzio feminista jaialdi bat izango da lehen aldiz Euskal Herrian. Ansible Fest izena jasoko du, eta Bilbon burutuko da irailaren 21etik 22ra. Proiekzioez gainera, hitzaldiak, lantegiak, bestelako emanaldiak, haurrentzako jarduerak eta argitaratze-azoka bat hartuko ditu.
Emakumeek aspaldi menderatutako generoa bada ere, azken urteetan gorakada izan dela azaldu dute antolatzaileek. Gaia jorratzen duten egile kopurua hazteaz gainera, aitorpena lortuz joan dira ere, eta ekarpen horiek balioan jartzea izango da jaialdiaren xede nagusia.
“Une eztia bizitzen ari da feminismoa, orokorrean, eta zientzia-fikzio feminista, queer-a eta dekoloniala, bereziki, eta ikuspuntu eta pertsonaien aniztasunek irudikagarria denaren mugak aberasten dituzte”, geneologiari omenaldi bat egin, eta ahots berriak entzun nahi dituztela iragarri dute antolatzaileek.
Pasio bat (zientzia-fikzioa) eta konpromiso bat (feminismoa) partekatzen dituzten emakume talde baten elkartzeak ahalbidetu du ekimenaren sorrera: Arrate Hidalgo, Laura Lazcano, Laura Gaelx eta Laura Huelin. Batzuk zientzia-fikzioa idazten, argitaratzen edota itzultzen aritzen dira profesionalki, eta besteak generoaren kontsumitzaile amorratuak baino ez dira. Sarean ezagutu dute elkar, eta jaialdia bera bilakatuko dute elkargune.
Behin betiko egitaraua izango dena oraindik zehazteke badute ere, proposamenen bidezko publikoaren parte-hartzea galdegin dute antolatzaileek. Proposamen bat izatekotan (emanaldia, hitzaldia, erakusketa, kontzertua…) , ansiblefest@gmail.com helbidean jasotzeko prest daudela zehaztu dute. Bide batez, aurreratu dute ere laguntza behar izango dutela jaialdiak irauten duen egunetan kanpo gonbidatuei harrera eta logistika zerbitzuak eskaintzeko. Bada, boluntariotza sare bat osatuko dute laguntza emateko prest dauden norbanakoekin, eta horretarako harremanak mail posta berdinaren bitartez kudeatuko dituztela jakinarazi dute.