IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostia Zinemaldiko Industria departamentuak antolatuta, Lau Haizetara dokumentalen Koprodukzio Foroaren XIV.edizioa egingo dute 2018ko irailaren 25tik 27ra bitartean, Donostia Zinemaldiaren esparruan. Uztailaren 13a da proiektuak aurkezteko epe-muga.

Lau-Haizetara-Koprodukzio-Foroa-Zinea

Lau Haizetara koprodukzio foroa, Zinemaldiaren 64. edizioan.

Dokumental bat aurkeztu nahi duten, eta harentzako Europako koprodukzioaren bila dabiltzan produktore independenteei dago zuzenduta deialdia. Foroa elkargunea izango da, sektorean diharduten profesionalentzako topagunea. Proiektu dokumentalak finantzaile izan daitezkeneei eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza, hain zuzen ere.

Hautatutako proiektuek aukera izango dute Zinemaldian bertan Pitching moduko aurkezpenak egiteko, tailerretan parte hartu eta Commissioning Editors-ekin banakako bilerak egiteko. Tailerretan, hain zuzen, pitching aurkezpenak nola egin ikasiko dute parte hartzaileek, bi egun geroago izango duten aurkezpenera prest iristeko. Bertan, euren proiektua ezagutaraziko diete industriako profesional eta produktoreei, eta haiek gustuko badituzte, beren babesa emango diete.

Commissioning Editors aditu taldeak berak egingo ditu epai-lanak, eta haren esku egongo da ere proiektu irabazlearen aukeraketa. IBAIA Saria jasoko du, 3.000 €-ko ordainsaria, epaimahaiaren aburuz, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra hobekien transmititzen dituen proiektuak.

Profesional interesatuek, parte-hartze inprimakia bete beharko dute eta, jarraian zehaztutako dokumentazioarekin batera, uztailaren 13a baino lehen bidali.