Gidoien garapenean eta idazketa-prozesuan orientatzeko helburua izango duen gidoigintza lantegia antolatu du Zineuskadi – Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak. Uztailean egingo dira saioak, Miguel Machalski adituaren gidaritzapean. Maiatzaren 30a izango da izena emateko azken eguna.
Film luze baten proiektua garatzen ari diren gidoigileak, zuzendariak edota produkzio taldeak galdegin ditu deialdiak, betiere egoitza eta lan-eremua EAEn badute. Uztailaren 2tik 4ra egingo da Gasteizen (lekua zehazteke dago oraindik), eta hautatutako proiektuek gidatutako aholkularitza jasoko dute Miguel Machalski gidoi-analista ospetsuaren eskutik.
Besteak beste, Clint Eastwooden Million Dollar Baby, Mar Adentro, Spider, La Interprete filmetan aritu da Machalski, Clint Eastwood, Alejandro Amenabar, Nagisa Osima edo Sidney Pollack bezalako zuzendarien harribitxien gidoiak idatzi eta aztertzen. Proiektuen aholkularitza saio pertsonalizatuak egingo ditu argentinarrak, eta, horretaz gain, masterclass berezi bat eskainiko du zinema industriako profesionalei zuzenduta.
Machalski bera arduratuko da, gainera, proiektu parte hartzaileak izango direnen aukeraketa egiteaz. Zinemara bideratutako, eta garapen fasean dauden sorkuntza filmak zein dokumentalak izango dira hauek, eta maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira, izen emate inprimakia eta dokumentazio osagarriarekin batera.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa (PDF edo word formatuetan aurkeztutako artxiboak baino ez dira onartuko):
– Orrialde bakarreko sinopsia.
– 5000 hitz inguruko tratamendua, eskuragarri baldin badago, eta elkarrizketa duten 2 edo 3 eszena eta/edo eskaleta.
– Partehartzaileen CVa.
– Ekoizlearen CVa eta ekoiztetxearen bilakaera.
– Orrialde bateko luzera duen intentzio-oharra
Proposamenak zehaztutako data baino lehen bidali beharko dira, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik atondutako mail posta honetara: info@europacreativaeuskadi.eu.