Joe Lynch zinemagile estatubatuarraren Mayhem fikziozko film luzeak irabazi du Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren Sari Nagusia. Rubin Steinen Bailaora, Aitzol Saratxagaren Ziren, Issa Lopezen Tigers are not afraid, eta Albert Pintoren eta Caye Casasen Rip izan dira jaialdiaren 24.edizoko gainerako saridunak.
Hiru kide izan ditu epaimahiak aurten: Joanes Urkixo idazle eta gidoilaria, Koldo Almandoz zinegilea eta Janire Zurbano kazetaria. Inoiz baino zabalagoa izan da proiektatu diren filmen aukera, eta lan gogorra izan dute hauen balorazioa egiterako orduan.
Fikziozko Mayhem (2017) film luzea saritu dute atal nagusian: “Duen zuzentasun ezagatik, zonbien generoan modu originalean berraztertzen asmatzeagatik, eta kapitalismoaren kritika basatira daraman espazio itxiko eszenifikazioarengatik”. Hori izan da jaialdian lehiatu diren 18 filmen artean onena, eta 3.500 euroko saria jasoko du.
Film laburrei dagokienez, Rubin Stein zinemagilearen Bailaora (2018) lana nabarmendu du epaimahiak, apustu bisuala eta generokoa nahasterako orduan erabili duen “modu hipnotikoa” azpimarratuz. Euskal Film Labur Onenaren Saria, berriz, Aitzol Saratxagaren Ziren (2017) filmak jaso du, “genero proposamena izan arren, erritmo geldoa ematen saiatzeagatik, eta arimaren existentziari buruzko gogoeta egitera ausartzeagatik”. 3.000 eta 2.000 euroko ordainsariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Berrikuntza gisa, euskal film laburretan izandako antzezpenik onena saritu du aurten Euskal Aktoreen Batasunak. Fernando Albizu izan da aho-batez sariduna, David Perez Sañudoren Aprieta pero raramente ahoga (2018) filmean egindako lanagatik: “Pertsonaia konplexua defendatzeagatik eta umore-samurtasun-beldur nahasketa eskaintzeagatik, karikaturatan erori gabe”.
Epaimahiak adierazi duenarekin alderatuz, oso bestelakoak izan dira publikoaren iritziak. Atal ofizialaren kasuan, Issa Lopez mexikarraren Tigers are not afraid hautatu dute onena, eta film laburrei dagokienez, Albert Pinto eta Caye Casasen Rip izan da irabazlea.
Segidan duzue saridun guztien zerrenda:
– Film luze onena: “Mayhem”, (EE.BB, 2017), Joe Lynch.
– Publikoaren saria atal film luze onenari: “Tigers are not Afraid” (Mexiko, 2017), Issa López.
– Film labur onena: “Bailaora” (Espainia, 2018, 15’), Rubin Stein
– Euskal film labur onenaren saria: “Ziren” (2017, 15 min), Aitzol Saratxaga
– Publikoaren saria film labur onenari: “RIP” (Espainia, 2017), Albert Pinto eta Caye Casas.
– Atal ofizialeko gidoi onena (Euskal Gidoilarien Elkarteak Emandakoa): “Tigers are not Afraid” (Mexiko, 2017), Issa López.
– Atal ofizialeko zuzendaritza berritzaileenaren saria (FAS Zineklubak banatutakoa): “November”, (Estonia, Herbehereak, Polonia, 2017), Rainer Sarnet
– Euskal film laburren ataleko antzezpen onenaren saria (Euskal Aktoreen Batasunak Banatua): Fernando Albizu, “Aprieta pero raramente ahoga”, (Euskal Herria, 2017), David Pérez Sañudo
– FANTROBIA 2018 SARIA: Paul Urkijo
– FANTastikoaren IZARRA 2018: Joe Dante
– Panorama sekzioko film luze onenaren saria: “Dhogs”, (Espainia, 2017), Andres Goteira.
– Panorama sekzioko film labur onenaren saria: “À Chacun Sa Malédiction”, (Belgika, 2017), Lorène Yavo.
– Aipamen berezia: “Bye Bye Baby”, (Espainia, 2017), Pablo S. Pastor