Jose Antonio Martinez Osses, ‘Osses’ goitizenaz ezagunagoa den albokari arabarren bizitzaren eta lanaren inguruko dokumental esperimentala errodatzeko proiektua abiatu dute euskal diasporan. Argentinan, hain zuzen ere.
Mauro Telletxea albokari eusko-argentinarraren ekimenetik jaio da proiektua. Bilboko Lur-Soinuak musika eskolan ikasi zuen Telletxeak alboka jotzen, Euskal Herriko hainbat maisuk lagunduta. Tartean izan zen Osses, eta handik dator harekiko lotura. “Alboka jotzen duten lagunen kontaketak biltzeko ideia Ibon Koteron eta Osses maisuei entzun nien esaldi batean dago oinarrituta: ‘alboka salbatzeko guztiok egin dugu zerbait’. Eta hori da asmoa; musika eta albokaren erreferente diren lagunen artean egindako dokumental bat osatzea”, azaldu du.
Filmak albokariaren eta instrumentua beraren egunerokotasuna islatuko du, musikaria eta tresna. Honen mundu, historia eta alde politikoaren aldeko omenaldi bihurtzeko asmoa du esku anitzez eraikiko duten istorioak: “Lagunen artean egindako dokumental bat hobea izango da informazio eta deskribapenak biltzen dituen dokumental bat baino”, zehaztu du Telletxeak.
Euskal Herriko eta euskal diasporako albokari zein artista ezagunek hitz egingo dute Ossesen jardunbideaz, kontaketa eta pasadizu desberdinen bidez haren bidea oroituz. Izan ere, bere bizitza eskaini dio maite duen musika tresnari.
Proiektu independentea izango da Betiko Haizea dokumentala. Ez du inongo diru-laguntzarik jasoko, eta besteak bestea, Kepa Junkera eta Ibon Kotero izango dira parte hartuko duten aurpegi ezagunetako batzuk.