Espainiako Zine Akademiak eman zuen zuen jakitera. Antonio Mercero zuzendari eta gidoigile lasartearra hil zen larunbatean, 82 urte zituela. Alzheimer gaitza zuen 2009az geroztik.

antonio-mercero

Zinemarako, antzerkirako eta telebistarako lan-andana zuzendu eta idatzi zituen Mercerok. Telesailen muduan egindako ekarpenak eman zion, hain zuzen, fruitu gehien. Idatzi eta gidatu dituen lanen artean aurkitzen dira, besteak beste, espainiako telebistan ikur izan diren Farmacia de guardia eta Verano Azul laudatuak. Telebistako Zientzia eta Arteen Akademiako lehendakaria izan zen, 1998 eta 2000 urteen bitartean, eta sari ezberdinak jaso zituen gainera: Onda Saria eta Arte Ederretako Urrezko Domina, tartean.

Pantaila txikian nagusitu izanagatik, bestelako ikus-entzunezko adar batzuk ere jorratu zituen lasartearrak: 1962an zuzendu zuen zinemarako bere lehen lana, Leccion de arte film laburra, eta hari esker Urrezko Maskorra eskuratu zuen Donostia Zinemaldian. La cabina izan zen, ordea, bere lanik ezagunena, eta Emmy sari bat, Monte-Carloko Nazioarteko Kritikarena eta Milango Marconien Saria jaso zituen harekin. Espainiako Zinema Akademiak ere saritu zuen bere ibilbidea: Ohorezko Goya sariaren irabazlea izan zen 2009an.

Azken urteetan, gaixotasunak mugatuta, lan txikiagoak idazten eman ditu. Donostia 2016 hiriburutzaren proiektu izarra izan zen Kalebegiak sortaren Txintxorro film laburraren gidoia idatzi zuen, besteak beste.

Etxekoen omenaldia

Asko izan dira galeraren aurrean atsekabea azaldu duten norbanako eta eragileak, baina bere sorterritik heldu da agurrik beroena. “Atsekabe handia” azaldu du Lasarteko Udalak zabaldutako prentsa ohar baten bidez. Herriak berak, eta zinema zein telebistaren munduak izandako galera azpimarratu dute, eta babes osoa adierazi diete zinegilearen familia eta lagunei.

Zuzendaria oroituko duen proiektu baten sorreraren berri eman dute gainera: “Antonio Mercero Museo Birtuala martxan jartzea izango da gure omenaldirik onena. Lasartear honen ondarea bere jarraitzaileen eta datozen belaunaldien esku gelditzeko”.