Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez euskaratutako Grufaloa film arrakastatsuaren estreinaldiaz gozatzeko aukera izango dute berrehundik gora umek, datorren igandean, maiatzaren 13an, Donostiako Principe Aretoan. Goizeko 11:00etan egingo dute emanaldia, eta sarrera doakoa izango da  SADE TXIKI zein EiTBko HIRU3 kluben bazkideentzat.

Julia Donaldson idazlearen eta Axel Schefflel ilustratzailearen izen bereko best-sellerrean oinarritutako animaziozko filma da Grufaloa. 1999 urtean argitaratu zenetik, 13 milioi umek irakurri dute ipuina, 40 hizkuntzetara itzulia izan da, eta dozenaka sari irabazi ditu. Pantaila handira helduko zaigu orain.

Etxeko txikienentzako pentsatuta dago filma berezki, eta harrapariak uxatzeko, Grufaloarekin geratuta dagoela esaten duen sagu baten istorioa kontatzen du. Hartza eta bufaloaren arteko nahasketa den animalia batek irudikatzen duen monstruoa da Grufaloa, eta saguarekin elkartuko da azkenean, honen adorearekin liluratuta.

Zineuskadik, haurrentzako eta gazteentzako filmak zinema aretoetan euskaraz estreinatzeko helburuarekin, sortutako Zinema Euskaraz programaren barne dago filma, eta honek EZAErekin, Euskadiko Zinema Aretoen Ekartearekin, duen elkarlanari esker iritsiko da filma areto donostiarrera. Astebete beranduago, maiatzaren 18an, helduko da Euskal Herriko gainerako zinemetara

Aipaturiko kluben bazkide bazarete, ezin duzue aukera galdu. Baina, bestela ere, larunbatera bitarte izango duzue aukera SADE TXIKI taldean izena eman eta, trukean, hiru gonbidapen eskuratzeko.