Paul Urkijo zinegile gasteiztarra sarituko du gaur FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak. Egunotan ospatzen ari dira jaialdia bizkaiako hiriburuan, eta honek bere baitan hartzen dituen proiekzio-saio horietako batean egingo diote omenaldia. Arratsaldeko 18:00etan, Golem Alhondiga aretoan programatu duten Errementari filmaren pasean, hain zuzen.
Fantasiazko generoan nabarmentzen ari den momentuko figura bat aintzatesten du urtero FANT jaialdiak banatzen duen FANTROBIA Sariak. Hatem Kraiche, Can Evrenol edo Sean Brosnan izan dira azken urteetan omendutako zuzendari batzuk. Aurten, ordea, etxeko zinegile bat sarituko du jaialdiak, eta Urkijoren Errementari filmaren estreinaldiaren aitzakia bikaina izan da horretarako.
Zinegile goiztiarra da gasteiztarra, oso gaztetan hasi baitzen lehen film laburrak errodatzen. Bilbon egin zituen Arte Ederretako ikasketak bideratu zuten, baina, fantasia eta animazioaren mundura. El Pez Plomo izan zen bere lehengo lan nabarmena, eta Jugando con la muerte (2010), Monsters Do Not Exist (2012), El Bosque Negro (2015) eta Naara (2016) etorri dira atzetik.
Txikitatik mantendu duen obsesio partikular batean sakontzeko nahiak eraman zuen Errementari sortzera, Jose Miguel Barandiaren idazlearen ‘Patxi Errementaria’ ipuina moldatuz. Sitges Film Festival jaialdian estreinatu zuten 2017ko urrian, eta bi aste geroago Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea zabaldu zuen, baita ikusleen saria eskuratu ere. Zinegilearen lehen luzea izan da, zazpi urte inguruko lan-prozesua galdatu duen film berezia.