Giza Eskubideak ardatz dituzten hainbat film laburrez osatutako bilduma berri bat aurkeztu du Filmazpit programak, Donostiako Giza Eskubideen Jaialdiarekin elkarlanean. Ekimenak sustaturiko katalogora gehituko dira filmok, kosturik gabe emanaldi publikoak antolatu nahi dituen norbanako ororen eskura.

giza-eskubideak-film-laburrean-katalogoaGai sozial zein korapilatsuak erakusten dituen jaialdian, azken urteetan ikusgai izan diren bost film laburrek osatzen dute bilduma, orotariko gai konplexuak jorratzen dituzten ikus-entzunezkoak. Identitatea, migrazioa, politika, emakumezkoen sexu-organoen erauzketa, indarkeriaren biktimak… film sorta “eklektiko” eta ederra da eragile bultzatzaileen hitzetan.

Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskainiko dira, betiere kosturik gabe, eragile kulturalek haien proiekzioak antolatu ditzaten.

Honakoak dira bilduma osatzen duten filmak:

1. ABAROA (Geschützter Raum / Safe Space). 2014, Zora Rux. Alemania. 13 min.
Patrick eta Sara amodio-istorio bat hasten ari dira. Errefuxiatuen eskubideen alde ere elkarrekin borrokatzen dute Berlinen. Sexu-eraso bat gertatzen denean, kide diren taldeak zer egin behar den eztabaidatzen du.

2. ERAUZKETA (The Cut). 2016, Evangelia Soumeli. Grezia. 15 min.
Elli, zirujaua, bere lagun Sofiaren presioa jasaten ari da haren alaba txikiari legez kontrako operazio bat egin diezaion.

3. SHEROES. 2016, Carlos Caro. India-Espainia. 11 min.
Bizitza konplikatua eta latza izan daiteke, baina bakoitzaren jarrerak errealitatea aldarazi dezake, ordea.

4. SALÃM. 2013, Johan Timmers. Herbehereak. 25 min.
Ara eta Mo hamar eta hamaika urte dituzte eta lagun minak dira. Harrera zentro batean bizi dira senideekin batera beren asilo eskaera noiz ebatziko den zain baina bizitza ez da beti samurra bertan. Egun batean bietako bat desagertzen da ustekabean.

5. DIZIPLINA (Discipline). 2014, Christophe M. Saber. Suitza. 12 min.
Lausanne-ko janari-denda batean aitak pazientzia galtzen du eta alabari zaplaztekoa ematen dio. Gertatutakoa ikusita, bezero batek errieta egiten dio. Beste pertsona batzuek eztabaidan sartzen dira eta egoera larritzen hasten da.

Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua Filmazpit programaren webgunean.