Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu aurten, eta Kimuak egitasmoak 20. Elkarlanean osatutako egitarau oparoa antolatu zuten apirilean zehar efemerideak ospatzeko, eta lehen data hauek pasata, ospakizunak urte osora zabalduko direla jakinarazi dute.

helena-taberna

Elkarlanean sortutako egitarau askotarikoa osatu zuten iragan hilabetean zehar bi eragileek. Antolatu dituzten jaietan, ordea, ez dute emakumeek zuzendutako lanik programatu. Hautsak arrotu ditu emakumezkoek sortutako lanari egindako aitorpen ezak, eta ospakizunetik kanpo gelditu diren euskal pelikula “ezinbesteko” horietako baten emanaldia kontraprogramatu zuen emakume zinegile talde batek.

Orain, ospakizun ekitaldiak urte osora hedatuko dituela iragarri du Filmategiak, zinemaren ikuspegi “askoz zabalagoa” eskaini, eta emakumezkoen zinemari ikusgarritasun berezia emateko. Premisa honetatik abiatuta, Helena Taberna zinegileari eskainiko dio urtero-urtero euskal-zinemagile baten inguruan egiten duen atzera begirakoa, eta gainera, zuzendariaren inguruko monografiko bat argitaratuko dutela aurreratu dute.

Zunzendari, gidoilari eta ekoizle altsasuarra da Helena Taberna. Oso gazte zenetik datorkio zinemagintzarako grina, bere herriko zinema saioetako ikusle sasoietik hain zuzen, baina 90. hamarkadan errodatu zituen bere lehen film laburrak: La mujer de Lot (1990), Emiliana de Zubeldia (1994) eta Alsasua 1936 (1996). Urteekin, genero ikuspegia jorratu duten lanetan espezializatu da. Horren abiapuntu izan zen Yoyes (2000), bere lehen film luzea, non protagonistaren arlo intimoenean murgildu zen Taberna, sari ugari eskuratuz.

Emakume etorkinak (Extranjeras, 2005), familia eta gerra garaia (La buena nueva, 2009), genero indarkeria (Nagore, 2009) eta bestelako gai gordinak landu ditu geroztik. Zuzendutako azkena Lucia Etxebarriaren eleberri batean oinarritutako Acantilado (2015) filma izan da, talde izakera eta norberaren askatasunaren arteko oreka topatzearen inguruko istorioa.

Carlos Roldan Larretak (Iruñea, 1965) hartu du aurtengo argitalpena osatzearen ardura. Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du, eta oso aurreratuta dago jada. Filosofian doktorea da Roldan, eta oso aditua da Elena Tabernaren lanean. Izan ere, hainbat liburu, saiakera, artikulu, eta trilogia bat ere idatzi ditu haren ekarpenetik abiatuta. Atzera begirakoa, berriz, datorren urritik abendura bitartean programatuko dute.