a-quiet-place-kartelaZuzendaria: John Krasinski

Urtea: 2018

Herrialdea: AEB

Ezkutatuta zaude, ezin zaratarik egin, soinurik, ia arnasik ere ezin hartu. Bihotz taupadak entzuten dituzu: gorputz osoa astintzen, zainetan barrena, tinpanoetaraino odola bortizki bidaltzen. Ondoeza, aranasa tartekatuta hartzen duzu, itolarrian zaude, ahoa ireki egiten duzu, ahalik eta aire kopuru gehien sar dadin, bakarrik sartu ahalko balitz bezala, eta ez zara ausartzen arnas egitera, zaratatsuegia delako. Ahoa idorra duzu, ezpainak basamortuak dira, listua irentsi behar duzu, baina gauza gehiegi dira, zaratatsuegiak. Bizirik mantentzeko ezinbesteko funtzioak burrunba bat suposatzen dute une hauetan, eta nola egin soinurik gabe bizirauteko, soinua bizirik egotearen seinale baldin bada berez?

Beldurrezko zinta bat ikustera gonbidatuko zaituztet aste honetan, ariketa interesgarria, ez delako nolanahiko filma. Hasieratik bukaerara mutu mantenduko gaitu Kasisnski zuzendariaren lanak, gure belarriek onartzen dituzten dezibelio mailaren muga neurri baxuenetara jaitsiko ditu, isiltasun handienera, eta mututasun horretan jardungo da filma. Pertsonaiek elkar ulertzeko keinu, hitz mutu eta gor-mutuen hizkuntza ibiliko dituzte hil ala biziko istorio honetan, eta gu isiltasun horretan murgilduko gara, adi, tentuz, gure arreta ehuneko ehunera doituz.

Filma isiltasunean garatzeak mesede handia egin die aktoreei, gure zentzumenak zorroztuta ditugula ikusiko dugulako zinta, eta aktoreen lanean modu askoz sakonagoan erreparatu ahalko dugulako. Interpretazio maila bikoiztu edo hirukoiztuko da: begiradak, keinuak, hitzez esaten ez diren gauza garrantzizko askok berebiziko presentzia bereganatuko dute, lehenengo planora ekarriak izango dira, eta eskertzekoa da, isiltasunak batzuetan ekartzen diguna.

Isiltasunean urritasunean bezala, ezerk gutxik beste egoera batean duen balioa biderkatu egiten du. Gizakiok komunikatzea dugulako xede, elkarbanatzea, hizkuntza da beste batzuen artean berezi egiten gaituena. Mututzeak zentzumenak astinduko ditu, barne lurrikara emozionalei harresi bat eraiki, urtegia bezala, itsaso bat gordetzen, noiz ustuko zain.

Zuzendariak ariketa interesgarria aurkeztuko digu toki isilean, onartu beharra daukat onerako harritu nauela eta gustora ikusten den zinta dela. Gidoi aldetik ez da bereziki deigarria garatzen duen trama ezaguna delako, topikoz beteriko aurkibidea da. Kontua da zuzendariak istorioari ziraldo ezin interesgarriagoa ematen diola, isiltasunarena, pertsonaiek bizi duten trantzearen parte egiten gaituelako, beraiekin batu gaitezen, istorioan murgil gaitezen, eta filma lehendabiziko pertsonan bizi dezagun.

Saioa hastera doa, mesedez hasi aurretik telefono mugikorrak eta aparailu elektronikoak itzali edo isiltasunean jarri, ongi etorriak eta gozatu esperientziaz…