Denborak lagatako markak
Harkaitzetatik hasi eta Pablo Picasso artista handiak oihal gainean utzitako horietara -zuhaitz, paisaia, gorputz azal edota paper gainekoetatik igarota-, Bernardo Atxagak Markak. Gernika 1937 argitalpenean denboraren joanak lagatako marken inguruan –Gernikako bonbardaketaren garrantzia sinbolikoa oinarri hartuz- proposatutako bidaiak bultzatu nau gipuzkoarraren idazkian tokirik aurkitu ez duen zinemaz aritzera. Baina har dezagun arnas pixka bat.
Iragan apirilaren 26an 81 urte bete dira tropa faxistek “Gernika, euskaldunen hiririk zaharrena eta haien kultur tradizioaren muina” erabat suntsitu zutenetik. Azken hitzok The Times egunkarirako gertakizunaren biharamunean G. L. Steer korrespontsal hegoafrikarrak idatzi zituen bere kronikan. Horiekin, Bigarren Mundu Gerran erabili zen gerra egiteko modu Naziaren lehen adibidearen berri eman zion gizarteari. Gerra modernoei buruzko lehen kronika handia izan zen Steerrena, gerora The Tree of Guernica: a Fiel Study of Modern War lanarekin kazetaritzaren gailurrera ere iritsi dena. Hala, Atxagaren liburuan zenbaitetan irakur daitekeen “Hemen egon ginen, egun batean bizirik egon ginen hemen” mezuaren adibide garbi baten aurrean gaude.
Izan ere, Ainhoa Iglesia kazetariari eskainitako elkarrizketa batean irakurri nion idazle gipuzkoarrari hurrengoa: “Gernika beti izan da euskal askatasunaren sinboloa, eta bonbardaketak hori indartu zuen”. Eta askatasunaren ideia horrek bere itzal propioa izan du artean ere. Oraindik ere askori Madrilen egotea ulertezina iruditzen zaigun Picassoren Guernica koadroa da beharbada adibiderik ezagunena, unibertsalena, baina arestian esan bezala zinemara begira jarri nahi zaituztet, eta horretarako -ez naiz Koldo Serraren Gernika (2016) filmaz ariko- dezente urte atzera joan beharko gara, 1950era hain zuzen ere.
‘Gernikaren garaipena’
Zinemaren historian zeresan handia eman duten Hiroshima mon amour (1959), L’année dernière à Marienbad (1961), Muriel ou le temps d’un retour (1963) edota La guerre est finie (1966) filmak zuzendu aurretik, Alain Resnais autore frantziarra -estatuaren finantzamenduaz baliatuta- arteari eta kulturari zuzendutako dokumental esperimental antzekoetan murgildu zen: margolari holandarren omenezko Van Gogh (1948), Frantziako Liburutegi Nazionalari eskainitako Toute la mémoire du monde (1956), krudelkeria naziak utzitako eta memoria historikoari men eginez burututako Nuit et brouillard (1955) eta arestian iragarri bezala 1950ean, Robert Hessensekin elkarlanean, argitara eman zuen Guernica.
13 minutu irauten dituen film labur hau Picassok 1902 eta 1949 urte bitartean erabilitako zirriborroez eta Espainiako Guda Zibilaleko argazki zein egunkarietako titularrez osatutako collage dokumental bat da. Artelanaren aurretik egileek utzitako oharrean zera irakur daiteke: artista espainiarrak Guda Zibilean sortutako Guernica margolanaren inguruan egindako bidaia bat ere badela.
Filmak -hasiera hasieratik- herria historikoki testuinguratuko du, “Euskal Herriko hiriburu tradizional” gisa identifikatuz eta gure ”askatasun zein oihuturen sinbolo” dela gogoratuz. Jarraian 1937ko apirilaren 26ko gertakizunetan murgilduko da, bonbardaketaren nondik norakoak argi utzi –hildakoak, denak, zibilak izan zirela azpimarratuz- eta esperimentazio naziaren krudelkeria salatuko du suntsitutako herriaren argazkiek lagunduta.
Eta ondoren zer? Gerra, hondamendia, heriotzak, miseria, dekadentzia… Paul Eluard idazle frantziarrak idatzitako La victoire de Guernica poema Maria Casares aktore espainiarrak eta Jacques Pruvostek gidatuko dute, eta aipatu bezala, Picassoren zirriborro surrealistek eta prentsa espainiarraren titularrek lagunduta datoz. Kontaketa hotza da, zuzena, apurtzailea. Maria Casaresen ahotsak, batez ere, indar handia izango du, eta minutuak pasa ahala bizitu egingo da, intentsoa bilakatuko da, ia oihukatu ere egingo duen arte. Resnaisek erabilitako muntaia biziak gerraren eta sufrimenduaren balore sinbolikoa azpimarratu nahiko du, eta horretarako Guy Bernard musikagileak espresuki konposatutako soinu banda siniestroak ezarriko du erritmoa. Sirena hotsak, hegazkinen burrunbadak eta ihesi doazen gizon-emakume zein haurren negarrak. Denak irudikatzea lortuko du Bernardek bere musikarekin.
Memoria da egia
Alain Resnaisen Guernica filmak badu zerbait berezia. Zinegile frantziarrak 60ko hamarkadan memoriarekiko erakutsi zuen konpromisoaren aurrekaria da lan txiki hau, denbora barik, isiltasuna baita memoriaren etsaia, eta Resnaisek argi utzi nahi izan zuen hori. Memoriarik gabe ez dago oraina ulertzerik, horregatik zaindu egin behar dugu, errespetatu, aldarrikatu. Gertatutakoa aitortzeko edo ezagutzara emateko beldurrak isiltasunera garamatza maiz. Hala gertatu zitzaien gure arbasoei, etengabeko errepresioa eta faxismoa egia itotzen saiatu baitzen: gure egia, gernikarron egia, euskal herritarron egia, munduko hiritar ororen egia.
Baina Resnaisek pausoa eman zuen, G. L. Steer kazetariak pausoa eman zuen, Picassok pausoa eman zuen, eta horiek guztiak historian gogoratuko diren markak izango dira: Hemen egon ginen, egun batean bizirik egon ginen hemen”.
Alain Resnaiseren Guernica film laburrari buruzko analisi zehatz eta interesgarria da honako hau: Realidad y ficción, cine y pintura: acerca de la presencia de Picasso en el film Guernica, de Alain Resnais, gaian sakondu nahi duen orok irakurri beharrekoa, eta sarrera hau idazteko lagungarri egin zaidana.