Irati Cano Alkain donostiarraren “Eguzkilorea” proiektu dokumentala hautatu dute Docs Valencia jaialdiaren bigarren edizioan parte hartzeko. Apirilaren 26tik maiatzaren 5era arte luzatuko da erakustaldia, eta beste zortzi dokumentalekin batera arituko da Cano, DOCSLAB garapen espazioan.

EGUZKILOREA

Erreferentziazko zinemaldia da valentziarra fikziozko filmen generotik aldentzen diren sortzaileentzat zein zinemazaleentzat. Iaz egin zuten lehenego edizioa, eta film “berezi eta desberdinak” sortzerako orduan dagoen grina berretsi zuten deialdira aurkeztu ziren 356 proiektuek. Kopuru antzekoetan mugitu dira aurten, eta proiektu aukeratuen artean nabarmendu da sortzaile donostiarrarena.

Irati Cano Alkainek bere aita zenari zuzenduriko “gutun filmikoa” da “Eguzkilorea”. Lehenago errodatutako Gogoratzen (2016) lanaren jarraipena, hasitako elkarrizketa hura berrekin eta amaitzeko modua. Izan ere, errepikaezina den denbora gordetzen du memoriak, eta irudiak nahastea eta haiekin kontakizunak osatzea da iragana bizirik mantentzeko modu bakarra. “Nintzen horri erreparatuz sortuko dut etorkizunean izango naizenak hartuko duen espazioa”, azaldu du Canok.

Garrantzi handia izan du eguzkiloreak Euskal Herriko mitologian. Bere itxurak eguzkia irudikatzen zuen, eta etxeetako zein baserrietako ateetan jartzeko ohitura zegoen, hauek edozein sorginkeria edo madarikazioz babesteko asmoz. Iratiren aitak, ordea, ez zeraman eguzkilorerik soinean.

Urteetan hartutako irudi berreskuratuen bidez, ama-alabaren harremana islatuko du dokumentalak. Hamar urte igaro dira zuzendariak aita galdu zuenetik, eta espazio familiarra zen gune baten suntsiketaren ondorioz, heriotzari aurre egiteko sentitu duen beharrak ardaztu du proiektua.

Produkzioaren azken fasean aurkitzen da orain dokumentala, eta zuzendariak istorio propio batetik abiatu badu ere, beste hainbat zinegileren lanak izan ditu erreferente: Moment of impact (Julia Loktev, 1998), Aztarnak (Mikel Zatarain, 2007) eta Nao Yik (David Aguilar, 2011). Jaialdiaren DOCSLAB espazioan parte hartuko du, amaitu gabeko filmak garatzeko gunean. Gaztetasuna etsai ez, eta donostiarraren bostgarren lana dugu hau. Leihoak (2015), Hitzen Lotura (2015), Gogoratzen (2016) eta Buenos dias España (2017) izan dira aurretik.