Maiatzean ospatuko da Cannesko Nazioarteko Zinema Jaialdia. Hilaren 8tik 19ra frantziar kostaldeko hirira begira izango dira zinemagintzaren eragile eta aktore nagusiak, eta mundu mailako erakuslehioa izango dute bertatik pasako diren film eta proiektuak. Euskal Zinemagintza ere bertan izango da, Another day of life eta Carmen y Lola ikus-entzunezkoen eskutik.
Ordezkaritza bikoitza izango dute euskal ekoizpenek aurki hasiko den jaialdian. Batetik, Kanaki Films ekoiztetxea osatzen duten Raul de la Fuente eta Amaia Remirez donostiarren Another day of life hautatu dute zinemaldiaren Sail Ofizialerako. Urteko ekoiztetxe onenari banatzen dioten Cartoon Movies saria eskuratu berritan helduko da bikotea Cannesko sail nagusira, lehiaz-kanpoko parte hartzea egitera.
Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniar ospetsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da ekoiztetxe donostiarrak garatutako istorioa, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista. 1975an Angolara bidaiatuko du , eta mundu eragina duen gerra ahaztu batean borrokan topatuko ditu bertako gazteak. Ezagutuko duen panoramak bizitzarekiko duen ikuspegia aldatuko dio betiko. Ikusitakoak ikusita, konturatuko da ez duela nahikoa kazetari lanarekin, eta bere jarduna birplanteatuko du. Kazetariak Angolan emandako hiru hilabeteen kontakizun gordina egingo du ikus-entzunezkoak.
Bestetik, Arantxa Echevarria zinegile bilbotarrak Carmen y Lola opera prima estreinatuko du jaialdiko Zinemagileen Hamabostaldian. Filmak, zailtasunen aurrean bere haremanaren alde borrokatuko duten bi nerabe ijitoren istorioa kontatuko du. Gizartearen eta ordezkatzen duten kolektiboaren diskriminazioen eta traben gainetik, elkar-maitatzea erabakiko du bikoteak.
Zinemaldian aurkeztuko duena zuzendari bezala landutako lehen film luzea izango da Echevarriarentzat, baina lehenago 7 for Etheria (2017) ikus-entzunezkoaren errodajean parte hartu du, eta film labur nabarmenak egin ditu ere: El Ultimo Bus (2016) eta Yo, Presidenta (2015).