Azken hilabeteetan zehar, aurrerapen gisa-edo, tantaka joan gara ezagutzen 2018ko FANT jaialdiaren egitarauerako prestatzen ari zirenak. Maiatzaren 4ean abiatuko da Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 24.edizioa eta, dataren gertutasuna medio, programazio osatua aurkeztu dute egunotan antolatzaileek.

Zinemaldi fantasikoa bidean da jada, eta ezagutzera eman ditu aurtengo edizioak jasoko dituenak. Sail Ofizialari dagokionez, inoiz baino zabalagoa izango da. Nazioarteko 18 film luzek osatuko dute, orain arteko aukeraketarik handiena, eta Film Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendari Onenaren sariak eskuratzeko lehiatuko dira. Kopuru handia ez ezik, bada beste berezitasunik: izan ere, horietako film askoren estreinaldia bizitzeko aukera izango dute proiekziotara hurbiltzen diren zaleek.

Johannes Roberts zinegile britainiarraren The Strangers: Prey at Night (2018) filmaren proiekzioarekin irekiko ditu ateak zinemaldiak, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Campos Antzokian. Horrez gain, inaugurazio ekitaldiak Joe Dante zuzendariaren presentzia jasoko dur ere.  Ibilbide oso bat omentzen duen Fantastikoaren Izarra saria jasoko du, besteak beste, Gremlins (1984) eta The Howling (1981) klasikoen egileak.

FANT laburrean sailari dagokionez, 20 lan ikusi ahal izango dira, horietatik 11 euskal zinegileek sinatutakoak. Bi saio desberdinetan programatuko dituzte lanok, maiatzaren 4ean eta 5ean. Lehenegoa euskal film laburrei zuzenduta egongo da, eta euskal zinegileek lehiaketara aurkeztu dituzten lanak jatorrizko bertsioan ikusteko aukera egongo da, euskara edo gaztelaniazko azpitituluekin: Aprieta pero raramente ahoga, David Perez Sañudo; Contact, Alessandro Novelli; El duelo, Aritzeder Arregi; Ejecutor, Javier Arriaga;  June, Arantza Ibarra Basañez; La noche de las sombras, Aritz Elguezabal; Pink Milk, Laura Silva; Revolution (What’s going on?), Two Maniacs; Tür, Ernesto Baez; Versus, Demetrio Elorz; eta Ziren, Aitzol Saratxaga.

Inoiz baino sari gehiago egongo dira jokoan kategoria honetako film partaideentzat: Film Labur Onenaren saria, Nazioarteko Film Labur Onenarena eta Euskal Film Labur Onenarena. Aurten, gainera, Euskal Aktoreen Batasunak emandako sari berria ere banatuko dute, laburren ataleko euskal antzezpen onenari egingo diote aitortza.

Euskal aktoreek banatutakoa ez da euskal zinemagintza sarituko duen errekonozimendu bakarra izango.  Fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura bat aintzatesten du urtero Bilboko zinemaldiak eta, horiek horrela, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarra izango da aurtengo FANTROBIA sariduna.

Amaitzeko, 2017an hildako erreferentziazko bi zuzendariri eskainiko die omenaldia jaialdiaren FANT Maisuak sailak, Tobe Hooperri eta George A. Romerori hain zuzen. Horrez gain, FANT Erreskatearen atalak Wiliam Dieterleren Portrait of Jennie lanaren kopia bermasterizatua proiektatuko du, estreinatu zutenetik 70 urte bete direnean.

Gogoan izan, gainera, PRE-FANT ekimena egingo dutela aurten lehen aldiz, jaialdia hasi baino astebete lehenago. Egonarrienak ere apaltzeko asmoz abiatu dute aurten zinemaldia aurreratuko duen ekitaldi sorta hau, eta proiekzio bereziez harago, zenbait lantegi eta kontzertu ere barnebilduko ditu.