Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa filmatzen ari dira

Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren literaturan oinarritutako film luze kolektiboa, errodatzen ari dira Euskal Herriko hainbat zinegile. Ondo bidean, udazkenaren hasieran estreinatuko dute.

gure-oroitzapenak-sarri

Urteetan bidelagun izan da Sarriren literatura, une askotan euskal kulturaren adierazpide nagusiena. Gure sortzailea, ordea, ikustezina izan da urte luzez, zuri-beltzeko argazki izoztua. Idazlea iruditan agertzea du helburu filmak, argazki batek erakusten duenaz harago. Poeta ez da ezer, bere obra ez bada. Eta horregatik, autorearen obrak iruditan jartzea izango da hura pantailara ekartzeko modua.

Adabaki ekoiztetxearen bultzadarekin, 90 eta 100 minutu arteko kontakizun kolektiboa osatzen ari dira Ibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleak. Euskal Herriko eta beste zenbait herrialdetako hamabi eragileren pieza banak osatuko dute proiektu hau. Sorkuntza esparru orotarikoak dira autoreak, eta guztiek dute harremanik sortzailearekin: dela pertsonala, dela afektuzkoa, dela literarioa, dela miresmena…

Maider Oleaga, Ane Muñoz, Josu Martinez, Eugene Green, Itziar Leemans, Carlos Quintela, Asier Altuna, Maialen Sarasua, Fermin Muguruza, Oskar Alegria, Mireia Gabilondo eta Ozcan Alper dira hamabi zinemagileak, baina sortzaileek adierazi dutenez, auzolana da proiektu honen ardatza. Izan ere, honetan edo hartan, berrehun lagun baino gehiago ari dira lanean.