2017-2018 denboraldiko udaberriko programazioa aurkeztu berri du Zumaiako Ostarrena Zineklubak. Gaur hasiko dituzte saioak James Franco aktore eta zinegilearen The Disaster Artist komediaren proiekzioarekin eta, orotara, beste bost pelikulek osatuko dute hiruhileko honetako egitaraua.

Denboraldika banatzen du zinemazale talde zumaiarrak bere jarduna. Datozen hiru hilabeteerako programazioa zabaldu dute orain, eta guztira sei filma izango dira ekainaren amaierara bitartean Ostarrenak Aita Mari aretoan proiektatuko dituenak. Ohi bezala, txandakako ostegunetan egingo dituzte saioak, iluntzeko 22:00etan.

The Disaster Artist  (2017) filmak irekiko du gaur denboraldia. Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta lan onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen. Inoizko filmik txarrena izan zen Tommy Wisseauren The Room (2003) kritikari askoren aburuz. Bada, film hori nola egin zen kontatzen du Franco anaien filmak, betiere komedia ikuspuntu batetik.

Atzetik beste bost

Esan bezala, gaurkoarekin batera, beste bost filmek osatuko dute denboraldiko programazioa:

  • Apirilak 26: Lady Bird (Greta Gerwig, 2017)
  • Maiatzak 10: The Party (Sally Potter, 2017)
  • Maiatzak 24: Call me by your name (Luca Guadagnino, 2017)
  • Ekainak 7: Loveless (Andrey Zvyagintsev, 2017)
  • Ekainak 21: Isle of dogs (Wes Anderson, 2018)