Gaur goizean aurkeztu dituzte Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurtengo edizioa izango denaren xehetasunak.  Apirilaren 20tik 27ra bitarte egingo da, eta 50 film baino gehiagoren proiekzioaz gainera, solasaldiak, erakusketak, lantegiak eta bestelako jarduerak ere jasoko ditu egitarauak. Laurent Cantet zuzendari frantsesa izango da saridun berezia.

Giza-eskubideen-zinemaldia-aurkezpena

Adin nagusitasunera gerturatzen ari da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Hamaseigarrena izango du aurtengo edizioa, eta gaur goizean aurkeztu duten egitarau oparoak berretsi besterik ez du egin giza eskubideen defentsa eta gogoetaren alde, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzeko eragile ezberdinek egiten duten urteroko ahalegina.

Eneko Goia Donostiako alkatea, Josemi Beltran zinema jaialdiko arduraduna, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria eta AI Amnesty International-eko Izaskun Fernandez kidea izan dira egitarauari errepasua ematearen arduradunak, eta guztien ahotan entzun dugu efemeride berezi baten aipamena. Izan ere, 2018a urte berezia izango da zinemaldiarentzat, 70 urte beteko baitira Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egin zutenetik.

“Ez gara zinema hutsaz ari bakarrik. Balore kontu bat da, heziketa, gogoetarako tresna”, hitz horiekin ireki du Goiak bere hitzartzea. Foru Aldundiko Vaquero batu zaio gero, eta zinemaldiak betetzen duen rolaren garrantzia azpimarratu du: “Nazioarteko aitortza eta presentzia du Giza Eskubideen Zinemaldiak. Aukera emango digu, Donostiatik atera gabe, mundu hau egiten duten errealitate desberdinak ezagutzeko eta, aldi berean, aktibo bat izango gara kanpora begira haiek erakutsi eta zabaltzeko”.

Beltran zuzendariak hartu du hitza, azkenik: “Modu asko daude mundua ikusi, ulertu, ikusarazi eta ulertarazteko. Zinea horietako bat da, eta hori da gure motorea”.  Jaialdiak emango dituenak ezagutu ditugu jarraian, lehenengo egunetik amaiera ekitaldira Donostiako hamaika bazterretan gozatu ahalko ditugunak.

Programazio orotarikoa

31 nazionalitateko 51 film proiektatuko dira aurtengo zinemaldian, 30 luze eta 23 film labur, eta jatorria bezain anitzak izango dira horien guztiek gaiak. Haurren ikuspegia landuko dutenak nagusituko dira: Los Niños (Maite Alberdi, 2016), El Silencio Roto (Piluca Baquero, 2017), Shootball (Felix Colomer, 2017) eta Alicia (Maasja Ooms, 2017).

Emakumeen borrokak ere presentzia nabarmena izango du aurtengo gaitegian. Beauty and the dogs (Kaouther Ben Hania, 2017), A better man (Attiya Khan / Laurence Jackman, 2017) eta El Orden Divino (Petra Volpe, 2017) filmak izango dira horren adierazle. Azken honen proiekzioak emango dio, gainera, hasiera aurtengo edizioari.  Apirilaren 20an, 19:30etan, Victoria Eugenia Antzokian.

Gaurkotasun gaiak izango dira programazioa osatuko duten gainontzekoak: Errefuxiatuak eta asilo politikoa, Marea Humana (Ai Wewei, 2017); Siriako Guda, Alma Mater (Philippe Van Leeuw, 2017) eta City of Ghosts ( Matthew Heineman, 2017); Biolentzia instituzionala eta torturak, La cifra negra (Ales Paya, 2018); Pederastia, Shootball (Felix Colomer, 2017)…

Laurent Cantet zuzendari frantsesak jasoko du Zinemaldiaren sari berezia. Gizarte gaiak lantzen eskarmendu handia duen zuzendaria da, eta beti presente izan duen “ikuspegi humanista hori” sarituko du jaialdiak. Zinegilearen L’atelier (2017) filmaren proiekzioak itxiko du jaialdia, apirilaren 27an ospatuko den amaiera-ekitaldian.

https://youtu.be/hZnIs2XGG_4

Zinemaz harago ere bai

Filmen proiekzioaz gainera, bestelako ekitaldi osagarriek osatuko duten zinemaldiak iraungo duen asterako eskaintza kulturala. Zinemaldia hiriko auzoetara iritsiko da aurten, eta proiekzio laburrak egingo dituzte hiriko hainbat kultur etxeetan (Egia, Okendo, Lugaritz, Tomasene, Aiete, Loiola…). Gainera,  ikasleek helburu hezitzailearekin programatuko diren goizeko saioetara joateko aukera izango dute, erakusketak paraleloak egingo dira eta bestelako hitzaldiak programatuko dituzte.

Urtero lez, Zinemaldiak mota honetako kultura-ekimenetatik  baztertuta dauden kolektiboetara iristeko aurreikusita dituen jardueren artean, proiekzioa egingo dute Donostiako Espetxean: Richard Oribe, the life behind the medals filma.