Lehen bi edizioetan izandako arrakastaren ostean, Zineleku Ikus-entzunezko Udalekuen hirugarren aldia aurkeztu dute ere aurtengo udarako. Gasteizen gauzatuko da ekimena, uztailaren 23tik abuztuaren 3ra bitartean. Bihar, apirilaren 12an, irekiko dute parte hartzeko izen ematea.

Zineleku-2018-irudia

KalakaLabek gauzatutako egitasmoa da Zineleku, Arabako Gazteriaren Foru Erakundearen, Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren eta Oihaneder Euskararen Etxearen lankidetzaren babesaz gorpuztutakoa. Sorkuntza laborategia izateko xedea du, ikus-entzunezkoak ekoitzi eta erakustekoa, baina elkarbizitza gune bat eraiki nahi dute ere antolatzaileek eguneko 24 orduak elkarrekin emango dituzten ikasleentzat. Hala, Santa Maria aterpetxean hartuko dute ostatu egonaldiak iraun bitartean.

Orotara, 30 ikasle ingururentzako izango da tokia, eta zinemagintza zein beste diziplina artistiko batzuetatik datozten ibilbide luzeko 20 profesionalek emango dituzte lantegiak eta maisu-eskolak. Besteak beste, Paul Urkijo, Marian Fernandez, Martin Guridi, Musergo, Garbine Ortega,  Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideak…

Antolatzaileek zabaldutakoaren arabera, bi fase izango ditu ikasketa prozesuak. Enborreko prestakuntza orokor bat jasoko dute partaideek hasieran, eta bi praktika bloke desberdinetan banatuko dira ondoren, haien interesen arabera. Hala, film laburren produkzio eta errealizazioan sakondu, edo proiektu baten gauzatze fasea aztertuko duten saio praktikoen artean aukeratu beharko dute.

Zinemagintzarekin lotutako edukiez gainera, beste arte adierazpide batzuetako profesionalen eskola magistralak ere jasoko dituzte ikasleek, eta ekimenaren programazio publikoa osatuko duten proiekzio, performance eta kontzertuetara ere joan ahalko dute. Gasteizko gune desberdinetan egingo dira azken hauek, prestakuntza egonaldiaren egun berdinetan.

zineleki-2018-prentsaurrekoa

Izen emate epea

Datorren ostegunean, apirilaren 12an, irekiko dute izena emateko epea, eta sorkuntzan interesatutako EAEn, Nafarroan eta Iparraldean bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteak daude bertan parte hartzera deituta. Horretarako, Arabako Gazteriaren Foru Erakudearen edo eragilea beraren web orrialdeetan eskuragai dagoen inprimakia bete beharko dute interesatuek. Ekainaren 8ra arte bidali ahalko dira eskaerok.

Xehetasun gehiagorako, ikusi Zineleku ekimenaren webgunea.