Bloga idazteari ekin nionean, oso argi nuen emakumeek egindako lana azpimarratu nahi nuela txoko honetan. Azken hilabeteetako testuak berriro irakurri ostean, konturatu naiz Espainiar zinemarentzat oso garrantzitsua den emakume baten inguruan ez dudala oraindik idatzi. Barbara Lennie aktoreaz ari naiz.

Azken boladan, lan asko aurkeztu ditu aktore madrildarrak eta, nire ustez, gaur egungo aktore onena da. Bere pelikuletan emakume oso anitzen istorioak kontatzen ditu, eta horregatik bere filmografia aztertu nahi dut hurrengo lerroetan.

Barbara-Lennie-ObabaBarbara Lennieren filmografia aztertzen hasterakoan, bere lehenengo lanen artean Montxo Armendarizen  Obaba filma izan zela ikusiko dugu. Bertan, Lourdesen paperean sartu zen , eta Obabaren munduan murgildu zen kamera eskuan zuela. ‘Obaba’n egindako lanarengatik, 2005.urteko Goya sarietan nominatua egon zen emakumezko aktore gazte onenaren kategorian. Lan horren ostean, izen handiko zuzendariekin lan egin du, Pedro Almodovarrekin, Imanol Uriberekin eta Isaki Lacuestarekin, besteak beste.

Barbara-Lennie-Magical-Girl2014.urtean Goya sarietan nominatua egon zen berriro, eta merezitako saria jaso zuen. Kasu honetan, ‘Magical Girl’ pelikulan egindako lanarengatik izan zen. Carlos Vermuten pelikulan lan aparta egin zuen Lenniek, eta frogatu egin zuen aktore bikaina dela. Pelikula honek arrakasta handia izan zuen zinemazaleen artean, eta Espainiako zineman interes gehiago piztu zen.

Barbara-Lennie-Maria-y-los-demasMagical Girlen ostean hainbat pelikula egin ditu aktore madrildarrak, baina bereziena Nely Regueraren ‘María y los demás’ pelikula izan dela uste dut. Film hau Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Zuzendari Berriak sailean. Lennie Mariaren pertsonaian sartzen da, bere bizitzako krisian bizi den emakumearen egunerokoa erakusten. Pelikula honek Goya sarietako izendapenetan egoteko aukera eman zion Lennieri, baina 2016ean Feroz saria besterik ez zuen jaso. Pelikula hau harribitxi bat da bere filmografian. 2016.urtean, ‘María y los demás’  pelikulaz gain, ‘Contratiempo’ eta ‘Las Furias’ pelikulak aurkeztu zituen ere.

Barbara-Lennie-especie-familia2017.urtea ere ez zen makala izan aktorearentzat. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Diego Lermanen ‘Una especie de familia’ pelikulan lan egin zuen, bertan ama izan nahi duen emakume baten azalean sartuz. Pelikula honetan bere azentu argentinarra erabili zuen, bere pertsonaia argentinarra zelako eta filma Argentinan errodatu zelako. Bitxia badirudi ere, ez zen zineman argentineraz arituko zen lehenengo aldia, ‘Las Furias’ pelikulan ere horrela egin zuen . Aipatu behar da bere gurasoak argentinarrak direla, eta haurra zela Argentinan eman zituela urte batzuk.

la-enfermedad-del-domingo-barbara-lennieAurten bere azkeneko lana aurkeztu du Berlineko zinemaldian. Ramón Salazarren ‘La enfermedad del domingo’ pelikulan Lenniek  bere amak abandonaturiko emakume baten azalean sartzen da. Pelikula honetan lan aparta egiten du Lenniek eta, niretzat, aurtengo sorpresa izan da pelikula hau. Salazarrek harribitxi bat egin du lan honekin, eta garrantzi handikoa da Lenniek izango duen parte hartea. Asghar Farhadirekin errodatu duen pelikula izango da aktorearen hurrengo proiektua, bertan, besteak beste,  Inma Cuesta eta Ricardo Darinekin egin du lan. Canneseko zinemaldiko inaugurazioko pelikula izango da, eta jada ikusteko irrikitan nago. Lennieren lan ibilbidea aparta izaten ari da eta horrela jarraitzea espero dut, bere lanaz gozatzeko aukera izan dezagun.