Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak publiko egin ditu jada Gazte Epaimahikide izateko zozketan hautatuak izan direnen izenak. Irabazleek apririlaren 15a baino lehen baieztatu beharko dute partaidetza.
Apirilaren 8ra arte, atzo, izan dute izena emateko aukera epaimahaikide izan nahi zuten gazteek, eta epea amaitu eta hurrengo hurrengo egunean, gaur alegia, egin dute zozketa. Donostiako Udalak ahalbidetutako esteka honetan konprobatu ahal izango dute partaideek hautatuak izan diren ala ez.
Orotara, 150 gazte inguruk baloratuko dituzte Giza Eskubideen Zinemaldian lehiaketara aurkeztutako film labur guztiak, giza eskubideen gaineko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izanik, Film Labur Onenaren Saria emateko. Zinemaldiak antolatzen dituen saio eta bestelako jarduetara dohan joateko aukera izateaz gainera, Deustuko Unibertsitaterako, Mondragon Unibertsitaterako eta EHUrako kredituak lortzeko aukera ahalbidetuko die epaimahai izateak.
Horretaz gainera, diploma bat jasoko dute, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie. Azkenik, eta agian erakargarriena, errefuxiatu sahararren kanpamenduetan egiten den Saharako Zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dira.