‘Gurean’ dokumentala errodatu du Askekintza kolektiboak

Urteetako grabaketa prozesu luze eta klandestino baten ostean, joan den martxoaren 23an aurkeztu zuen Askekintza kolektiboak Gurean film dokumentala. Orain, ikus-entzunezkoaren aurkezpen birarekin hasi dira, eta emanaldiak egingo dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan.

Euskal Herriko 30 jaietan hartutako irudiak jaso ditu kolektiboak sorkuntza lan honetan. Euskal Herriko festetan, urtero, ehunka animalia erabiltzen, zauritzen eta kasu batzuetan ere, erahil egiten dira. Sokamuturra, idi eta zaldi-frogak, zezenketak, lasterkertak… Hamaika adibide zerrendatu ditu Askekintzak ezaugarri amankomun baten loturapean: denak injustuak dira.

Kolektiboak salatzen duenez, festen inguruan gertatzen diren ekitaldi hauetan, haien interesen aurka erabiltzen dira gizakiak ez diren norbanakoak. Animaliak aske bizi behar dutelaren ideian sinetsiz, jaiak eraldatzearen aldeko borroka egikarizatzen dute. Honela, Euskal Herriko festen inguruan inoiz egin den “informazio-bilketarik handiena” abiatu zuten orain urte batzuk, eta lau urtez ezkutuan grabatutako irudiekin osatu dute ikus-entzunezkoa.

Besteak beste, Hernanin, Lezon, Saran, Astigarragan, Pasaian, Azpeitian, Gasteizen, Bilbon jaso dituzte animalien sufrimendua islatzen duten “milaka grabazio ordu” eta argazkiak. Kolektiboak azaldu duenez, animaliei festetan ematen zaien erabilera agerian jarri eta hausnarketa sustatzea izan dira dokumentala egitearen xedeak. Aurkezpen bira egiten ari dira orain, eta datozen asteetan Euskal Herriko haibat txokotan egingo dituzte emanaldiak.

askekintza-dokua-kartela