Bilbao Mendi Film jaialdiko bost film ikusteko aukera izango da asteburuan, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Apirilean egingo dituzten sei saioetako lehenegoa izango da egunotakoa, hamabostgarrena birari ekin ziotenetik. Urnieta, Leioa, Iruñea eta Espainiako beste zenbait hiri etorriko dira atzetik.

menditour-hondarribiaBidean aurera doa Mendi Tour ekimen ibiltaria. Abenduan ospatu zuten jaialdian nabarmendu ziren filmekin osatu dute ikusgai izango den aukeraketa eta, modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei hurbilduko diete film espezializatuak ikusteko aukera.

Urte hasierarekin batera ekin zioten aurkezpen birari, eta hamalau leku bisitatu ditu orduztik. 5000 lagunetik gora ikusle bildu ditu ekimenak urteko lehenengo emanaldietan, eta antolatzaileek erronkari eutsi nahi diote apirilean ere saio ugari programatuz.  Orotara, sei geldialdi izango ditu hilabete honetarako marraztu duten ibilbideak.

Asteburu honetan hasita, hirugarrenez jasoko ditu Hondarribiko Udalak Bilboko jaialdiari lotutako proiekzioak. Larunbat eta igandean ikusi ahalko dira filmak , 20:00etan, herriko Itsas Etxean. Bost lan proiektatuko dira, guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Larunbateko saioan, iazko sari nagusia irabazi zuen Dirtbag: The Legend of Fred Beckey eta Where the Wild Things Play film laburra proiektatuko dituzte. Igandea, ostera, oparoagoa izango da hiru emanaldirekin: Aurrera euskalduna eta Ben Page zuzendariaren The frozen road laburrak, eta iazko Epaimahaiaren Saria jaso zuen Mountain.

Datozen geldialdiak

Hondarribiako hitzordua antolatzaileek apirilerako prestatu duten egitarauaren abiapuntua besterik ez da izango. Euskal Herrian zein mugaz kanpo egingo dituzte saioak datozen asteetan: Vigo (apirilak 12-13), Urnieta (apirilak 13), Camargo (apirilak17-18), Leioa (apirilak 18-19) eta, azkenik, Iruñea (apirilak 23-24-25-26).