Urte berezia izango dugu 2018a Euskal Zinemagintzarentzat. Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu aurten, eta Kimuak egitasmoak 20. Elkarlanean osatutako egitarau oparoa antolatu dute hilabete honetan zehar ospatzeko: 5ean, 12an, 19an eta 26an, hain zuzen ere.
Donostiako Tabakalera zentroak jasoko du, gaur egun, euskal ikus-entzunezkoen panoraman ezinbestekoak diren bi eragileen urteurrenen harira egokitutako egitarau berezia. Programazioak Filmategiaren eta Kimuak-en ibilbidea gogoratu, eta azken hamarkadak utzitako euskal ondare zinematografikoa aztertuko ditu.
1978ko maiatzaren 1ean sortu zen Euskadiko Filmategia, Peio Aldazabal, Juan Jose Almuedo, Jose Luis Bosoco, Nestor Basterretxea eta Jose Manuel Gorosperen ekimenez, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arloko ondarea osatzen zuen materiala gordetzeko beharra ikusi baitzuten. Euskal artxibo zinematografiko bakarra da, eta egun erreferentziazko erakundea da ikerlari, ekoiztetxe, banatzaile, ikasle eta abar luze batentzat. Bost miloi metroko euskarri zinematografikoa, zein 17 mila metroko euskarri bideografikoa gordetzen ditu, Donostiako Zinemaldira aurkeztu diren eta Euskal Telebistak ekoitzi dituen materialekin batera. 2004az geroztik, fundazio rola betetzen du.
Kimuak egitasmoari dagokionez, 1998an sortu zen, Filmategiaren ekimenez eta euskal film laburrak nazioartean sustatzeko eta banatzeko helburuarekin. Urtero egiten dute lanak aurkezteko deialdia, eta epaimahiak aukeratutako lanez osatutako katalogo bat osatzen eta zabaltzen dute gero.
Ospakizuna hainbat saioetan
Lehenengo saioan, apirilaren 5ean, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako Ama Lur filma proiektatuko dute. Euskal Herriari egindako gorazarrea da Ama Lur, eta lurraldearen eta herritarren inguruko ikuspegia eskaintzen du. Zuzendarien hitzetan, ‘kaleidoskopio bat da’; izan ere, hirurogeitamar gaitik gora jorratu zituzten lurralde guztian zehar bi urtez luzatutako errodajean. Erreferentziazko filma izateaz gainera, efemeride batekin lotuta dago hura proiektatzearen arrazoia; izan ere, mende erdia beteko da aurten estreinatu zutenetik.
Egun batzuk beranduago, apirilaren 12an, alegia, Peio Aldazabalek, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako batek, gustukoen duen pelikula aurkeztuko du ere: Faraon. Horrez gain, etxeko txikiek ere nora jo izango dute, Karramarro uhartea filma ikusgai izango baitute hilaren 15ean.
Laugarren saio bat egingo dute apirilaren 19an, eta Euskal Filmategiaren artxiboko dokumental hauek proiektatuko dituzte bertan: Alava, Vitoria y su Caja de Ahorros y Monte de Piedad (1957), Ocharcoaga (Jorge Grau, 1961), Estropada berria –Regatas en Orio- (Jesus Almendros eta Jose Luis Arza, 1973), Nafarroako ikazkinak (Montxo Armendariz, 1981) eta Ikuska 14 (Antxo Eceiza, 1982).
Hilaren 26an egingo dute azken saioa, euskal zinemagileen talentua eta etorkizuna ospatzeko aitzakiaz baliatuta. Urteetan Kimuak programan parte hartu duten filmen aukeraketa bat izango da ikusgai: La guerra (Luiso Berdejo eta Jorge Dorado, 2005), Eramos Pocos (Borja Cobeaga, 2005), On the line (Jon Garaño, 2008), Minerita (Raul de la fuente, 2013), Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi, 2014) eta 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo, 2003).
Emanaldietarako sarrerak ohiko prezioan salduko dira, 3,5 euroan, Tabakalera eraikineko Informazio Puntuan. Arratsaldeko 19:00etan egingo dituzte proiekziook, eta, antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 18:30etatik aurrera lehiatilara agertzen diren 25 urte-azpiko lehendabiziko 25 gazteek doako sarrera izango dute.
Kontsultatu egitarau osoa hemen.