Donostia Zinemaldiak ikasgai espezifiko bat izango du Elias Querejeta Zine Eskolaren programa akademikoan. Film jaialdiak aurreratutakoaren arabera, ikasleekin partekatuko ditu Zinemaldiaren edizio bat prestatzeko prozesua eta programazioa hautatzeko irizpideak.

Tabakalerako 0 solairuan 539 metro karratuko azalera hartu du zine eskola berriak. Hezkuntza ez-arautua eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera (izen-emate epea zabalik da), eta Zinemaldia bera, Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroa eta Euskaldiko Filmategia izango dira proiektuaren indargune nagusiak. Orotara,  hiru modulutan oinarrituko da eskaintzen duen proiektu pedagogiko berezia: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza graduondoak.

Komisariotzako espezialitatean lan egingo du jaialdiak: zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituen programazioak, argitalpenak, esku-hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzen, kudeatzean, garatzen eta hedatzean. Esan bezala, Donostia Zinemaldiak irakasgai espezifiko bat izango du bertan, eta eskolako ikasleekin eta profesionalekin partekatuko ditu edizio baten prestaketa prozesua, denbora errealean programazioa hautatzeko irizpideak, eta zinema-jaialdi hau beste zita zinematografiko batzuetatik bereizten duten duten ezaugarriak.

Kutsu esperimentala izango du ‘Zinemaldia erakitzen’ irakasgai berriak. Eztabaida formatu batean artikulatuko da eta, ezagutza transmititzeaz gain, bere burua birpentsatzeko, identitate ezaugarriak berrikusteko, eta ikus-entzuleei, industriari edo komunikabideetako profesionalei dagozkien estrategiak  eztabaidatzeko  aukera emango dio jaialdiari.

Ikasleek zinemaldiaren antolaketari helduko diote, komunikazioaren, industriaren, ekoizpenaren, marketinaren, teknikaren edo harreman publikoen ikuspegitik, eta beste zinemaldi batzuetako ereduak aztertuko dituzte lan horretan. Saioak bi ordukoak izango dira, eta urte akademiko osoa hartuko dute, urritik irailera.

Ikasturte berriaren antolamendua

56 asteko aurrez aurreko irakaskuntza jarduerarekin, 2018ko irailaren 21ean hasiko da eskola ikastaroa, Zinemaldia hasten den egun berean, eta 2019ko Zinemaldiaren azken egunarekin amaituko da. Lehenengo hilabeteetan, irakaskuntza atala, proiektu pertsonalaren garapena eta praktika profesionala landuko dira. Uda partera, aldiz, jarduera praktikoa izango dute ikasleek, eta, azkenik, abenduan, proiektu pertsonalen defentsa.

Eskolan izena emateko epea irekita egongo da maiatzaren 31ra bitartean, 3.500€-ko matrikula ordainduta.