Iragan ostiralean, martxoaren 23an, ezagutu genituen Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 11.edizioko irabazleak. Arratsaldeko 16:00tan ekin zioten amaiera ekitaldiari, eta ikasle, zinemazale, zein zudendari, babesle eta egileek lepo bete zuten Aretxabaletako Arkupe aretoa. Hesian taldeko abeslari den Zuriñe Hidalgok eta Iban Garcia Youtuberrak gidatu zuten saioa.
Aurkezleek Sail Ofizialeko film laburren proiekzioa aurkeztuz eman zioten hasiera saioari. HUHEZI fakultatea, aurtengo antolatzaile taldea eta Huhezinema jaialdian hasiberri zein beterano direnak izan zituzten gogoan, eta haiei eskerrak emanez, bi blokeetan banatu zuten emanaldia:
Lehendabiziko blokean: Tarde para el recreo (Pablo Malo), Kreba (Oier Fuentes), La Petite Mort (Ana Gonzalez eta Andrea Landaluce), Plagan (Koldo Almandoz) eta Aprieta pero raramente ahoga (David Perez Sañudo).
Bi blokeen artean deskantsatzeko tartetxo bat utzi ondoren, bigarren blokeko azken bost film laburrak proiektatzeari ekin zioten: Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola), Euritan (Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban), Areka (Aitzur Animazio Taldea), Lisbeth (Aitor Bereizartua) eta Versus (Demetrio Elorz).
Amaieran, publikoak gustokoen izan zuen film laburra bozkatzeko aukera izan zuten. Azken botoak zenbatu eta gero, sari banaketa ekitaldia egin zuten.
Huhezinemako 11. edizioaren irabazleak
- Basque Culinary Saria (400€): Jan Burgesa
- Ikusleen Saria (100€): Entsalada
- Fikzio Onenaren Saria (300€): KarKarCar
- Dokumental Onenaren Saria (300€): Harriz Herri
- Argazki Onenaren Saria (Kamera materiala, 1500€ baloratua): Marra Gorria
- Ikusleen Saria (100€): KarKarCar
- Huhezinema Saria (200€): Finalista guztiek jaso dute kantitate hura
- Goiena Saria (Euskarazko film onenari, 1000€): Areka
- Vertigo Saria(MUko ikasleek osatutako epaimahaia, 400€): Zulo
- Ikusleen Saria (300€): Aprieta pero raramente ahoga
- Mundukide Saria (Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaia egokien txertatuta dituen film laburra, 700€): Zulo
- Kartel Onena (200€ eta Eusko Label saskia): Marina García