Igande honetan, martxoaren 25ean, Butaka Urdina ekimenaren bigarren saioa egingo dute Donostian. Bigfoot Junior filma pantailaratuko dute, aniztasun funtzionala duten pertsonak zinemara hurbiltzeko helburuarekin. Goizeko 11:30an izango da saioa, Antiguo Berri zinema aretoan.
SADE zinema talde eta programatzaileak Gautenarekin lankidetzan antolatutako zinema-zikloa da Butaka Urdina. Kolektibo honen beharrak kontuan hartuta, saioak pelikulak egokituz antolatu ditu programatzaileak, guztientzako inguru ulerkor eta erosoak bermatzeko. Antolatzaileen hitzetan, zinema emanaldiak heziketa-osagai bezala erabiliko dira, eta, aldi berean, ikusgarritasuna emango zaio kolektibo oso bati.
Oinarrian, ekimenaren helburua aniztasun funtzionala duten pertsonak erakartzea bada ere, publiko orokorrari irekiak izango dira proiekzioak, ahalik eta pertsona gehienen inklusioa, aisia eta kultura errazteko.
Aipatu bezala, egokitutako filmak izango dira ziklo honetan ikusi ahalko direnak. Besteak beste, filmen soinua murriztu egingo da, eta hainbat argi mantenduko dira proiekzioak iraun bitartean erabateko iluntasuna ekiditeko. Aretoan barrena mugitu edo emozioak plazaratzeko askatasuna egongo da ere.
Oraindik bi saio bakarrik lotu dituzten arren, proposamenak hurrengo hilabeteetan jarraipena izatea aurreikusten dute, baldin eta harrerak positiboa izaten jarraituko duen. Ondo bidean, hileroko laugarren igandean egingo dituzte beti emanaldiak.