D’HOM izeneko film labur bat errodatuko du Aldapeko Filmak ekoiztetxeak, Euskal Herriko, Kataluniako eta Latinoamerikako gazte talde batekin lankidetzan. Javier Blanco zuzendari euskaldunak gidatuko du proiektua, Francesc Colomina katalanarekin batera. Proiektua finantziatu ahal izateko, Verkami kanpaina bat ireki dute, eta interesa duen orok bere aportazioa egin dezan galdegin dute.

D'HOM

Genero aldebikotasunean oinarritutako sistemaren kritika bisuala egitea du xede proiektuak, zinema lengoaiaren bitartez ere, gizartearen konzientzia astintzea. Aldebikotasun hutsean oinarritutako sistema honek, genero binarismoaren kontzeptuak, arau horietatik kanpo sentitzen direnengan sortzen duen mina azalduko dute.

Orain hiru hilabete hasi ziren proiektuaren sorkuntza lanekin, eta maiatzeko lehen bi astetan egingo dute errodajea Bartzelonan. Filmaren muntaia, aldiz, Madrilen garatuko dute, ekainean berriz ere Bartzelonara bueltatu, eta bertan estreinatu ahal izateko. Filma katalanez grabatuko dute oinarrian, gero euskaraz, eta azkenik, ingeleseko azpitituloak erantsiko dizkiote.

D’hom

Andreu, Bartzelonan bizi da, genero binarismo baten arauen baitan antolatzen den gizarte batean. Genero bakoitzak bere definizio eta bereizgarriak ditu ezarriak: urdina edo arrosa; autoa edo panpina; futbola edo baleta; “puto amo” edo “puta zorra”; zuzendaria edo sekretarioa; pilotua edo azafata; “cojonudo” edo “coñazo”… Filmak Andreuren bizitzako 24 ordu jasoko ditu: bere egunerokotasuna, kontzientzia eta bizitzeko oinarrizko eskubideak.

Proiektuaren inguruko datu gehiago ezagutzeko, eta, interesa izan ezkero, babes ekonomikoa emateko, sartu taldeak VERKAMI plataforman sorturiko kanpainan.